Kanpotik etortzen diren pertsona edo kulturei buruz hainbat eta hainbat zurrumurru entzun dira gure herrietan, eta horri aurre egiteko kanpaina edo sarea sortu dute Gipuzkoan. Datorren kurtsoan sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute Gipuzkoako zazpi herrik eta SOS Arrazakeria taldeak, eta tartean da Hernani.
Atzo aurkeztu zuten Zurrumurruez! Sarea, Koldo Mitxelenan. Gerora herri gehiago sartuko direla azaldu zuten sare honetan, bertan izan zirenek: Silvana Luciani, SOS Arrazakeria; Galder Azkue, Billabonako Alkatea eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordea; Juan Luis Ilarramendi Roteta, Zarauzko Alkatea; Luis Intxauspe, Hernaniko Alkatea; Maite Olaziregi, Astigarragako alkateordea; Jose Manuel Ferradas, Errenteriako Ingurugiro zinegotzia; eta Belen Maiza, Ordiziako Gizarte Ongintza zinegotzia.
«Etorkinak gizarte laguntzetatik bizi dira»
Beste kultura batzuetako jendeari buruz ari garenean, sekulako aurreiritzi eta zurrumurru pila azaltzen da, eta ez dira egia, atzo adierazi zutenez. «Etorkinak gizarte laguntzetatik bizi dira; bizi diren lekuetan segurtasun arazoak izaten dira; osasungintza modu abusibo batean erabiltzen dute; hezkuntza maila jaitsi egiten dute; ez dute integratu nahi...», atzo adierazi zutenez, demostratua dago horiek guztiak ez direla egia. Beraz, horri aurre egiteko zer egin liteke?
Datorren kurtsoan, herri horietan sentsibilizazio kanpainak antolatuko dira, antzerki munduarekin lan egingo da, bertsolariekin, komiki-txartelak aterako dira, foiletoak, zurrumurruen kontrako panelak... eta abar.