Ez da asteburu txarra izan Hernaniko txirrindularientzat. Telco’m-Gimex (Jocc taldea) txirrindulari taldean ari diren hiru kidek emaitza ederrak lortu zituzten, bai karreteran eta bai mendian.
Larrañaga eta Juanikorena bigarren eta bosgarren
Iñigo Larrañagak bigarren postuan bukatu zuen Cantabriako VI Challenge Kopan, eta bi etapa irabazita, gainera. Larrañagak 5,4 km-ko prologoan, erlojupean, irabazi egin zuen, lehenengo egunean, eta hirugarren geratu zen arratsaldean. Igandean, azken etapan, 83,7 km-ko etapa nagusian, berriz ere irabazi egin zuen. Sailkapen nagusian bigarren postua lortu zuen Larrañagak. Beste hernaniar bat ere bazen tartean, Alex Juanikorena, lan bikaina egin zuena, eta sailkapenean bosgarren bukatu zuen.
Otaño txapeldun, Goizuetan
Axier Otañok berriz, Goizuetako BTT lasterketa irabazi egin zuen, 68 lagunen aurretik.