Unai Señoran eta Cristina Loeda, azkarrenak

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 31a, 02:00

Señoranek 32:18ko denbora behar izan zuen 9 kilometroko lasterketa bukatzeko. Hirugarren urtez jarraian izan da txapelduna. Loedak 38:55ko denboran egin zuen. Lehenengo herritarrak Martin Etxeberria eta Ane Zinkunegi izan ziren.

Aurreko igandean ospatu zen   Goizuetako krosa. Eguraldia ez zen lagun izan, baina jendea animatu zen bai izerdi pixka bat botatzera, bai horiek animatzera.
Helduen lasterketan, gizonezkoetan lehenengoa, Irurako Unai Señoran Bengoa izan zen.  Hirugarren urtez jarraian lortu zuen txapela. Señoranek 3 kilometroko zirkuituari hiru itzuli emateko, 32:18 minutu behar izan zituen. Bigarrena, Raul Gomez Margallo izan zen. Señoran baino 41 segundo beranduago iritsi zen helmugara. Eta handik 23 segundora, hirugarrena heldu zen, Cipri Burcio Encabo.
Emakumezkoen artean, irabazlea, Cristina Loeda Soto nafarra izan zen. 38 minutu eta 55 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Biga­rrena Amaia Lacalle Prieto andoain­darra izan zen eta hirugarrena, Raquel Beruete Echecon; azken hori ere nafarra.
Herritarren artean onena gizonezkoetan, Martin Etxebe­rria izan zen eta herriko lehenengoa izateaz gain, sailkapen orokorrean bosgarren lekuan geratu zen, 34:23 denbora eginda. Herriko lehenengo emakumea, berriz, Ane Zinkunegi izan zen, 51:16ko denborarekin. Hauek ere hirugarrenez jarraian errepikatu dute herriko lehenengoen postua.
Lasterketan, 69 pertsonak zuten izena emanda, baina azkenean, 50 parte hartzaile gerturatu ziren egunean bertan.
Aurretik, txikiek izan zuten aukera korrika egiteko. Denera 64 neska-mutikok hartu zuten parte bi kategoriatan, eta denentzat izan ziren opariak.

Eguraldi kaxkarra, baina balorazio ona
Nahiz eta eguraldi kaxkarra izan, eguna oso ongi joan zela azaldu diote Kronikari antola­tzaileek: «Duela bi urte berreskuratutako ohiturari jarraipena emanez, balorazio ona egiten dugu. Izan ere, korrikalariez gain, jende dezente bildu da herriko kaleetan animoak ematera».
Eskerrak ere eman nahi izan dituzte: «Mila esker parte hartzaile guztioi eta antolakuntzan musu-truk lagundu diguzuen guztioi».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!