«Damban, bi neska gara talde buru, gaur egun ia ez dago horrelako talderik hemen»

Kronika - Erredakzioa 2014ko ekainaren 4a

Aitziber Estanga eta Kristian Amorena, Damba taldeko kideak dira; Astigarragako bizilagunak biak ere. UFI Musica Independiente Saria irabazteko finalista da Damba. Interneten botoa emanda aukeratuko da irabazlea. Gaur, 12:00ak baino lehen eman behar da: ‘www.premiosdelamusicaindependiente.com’.

Lehiaketa honetan, nola iritsi zarete finalista izatera?
UFItik jarri ziren gurekin ha­rremanetan esanez, fina­lis­ten artean zegoela gure al­buma. Euskerazko lanen ar­te­an ba­tzuk aukeratu dituzte eta gurea da horietako bat. Sorpresa haundia izan da.

Finalisten artean daude, zuek baino ibilbide gehia­goko lau talde: Ken Zazpi, Urtz, Jabier Muguruza eta Oreka Tx. Zaila ikusten al duzue irabaztea?
Herritarrek eman behar du­te­nez botoa, gure ustez eragina izango du bakoitzak egindako publizitateak, hau da, zure inguruan zenbat zabaltzen duzun eta zenbat mugitzen zaren. Ibilbide gehiago duten taldeak dira eta jarraitzaile gehiago dituzte. Borroka ho­rretan, txikiek talde haundien ondoan zailago dugu. Ho­rre­gatik, gu saiatzen ari gara behintzat zabaltzen.

Sari hau irabaztea, zer izango litzateke zuentzat?
Beste sorpresa bat, iku­sita ze tal­de diren finalis­tak... Eta nos­ki, horrelako sari batek beti ema­ten dio taldeari prestigioa; lan gehiago izateko aukera. Horre­la­ko sariak beti dira ongi-etorriak.

Astigartarrei bozkatzeko esango diegu orduan. Baina zergatik? Zer du Dambak?
Hasteko, bi neska, talde buru bezala (Estitxu Pinatxo da biga­rrena). Gaur egun, oso talde gutxi daude Euskal Herri­an bi neska buru dituztela. Eta bestetik, multikulturala da gure taldea. Toki guztieta­koak gaude, eta bakoitzaren in­fluen­tzia notatzen da. Mundu diferentetik gatoz eta estilo di­ferenteak gustatzen zaizki­gu. Horrek denak, beste abe­ras­tasun bat ematen dio taldeari.

Azken lan honetan, euskeraz dira abesti guztiak, aurreneko diskoan ez bezala. Zergatik?
Orain arte kanpoan gehiago ibi­li gara eta orain Euskal He­rrian gehiago mugitzeko as­mo­­tan gabiltza. Hala ere, zu­ze­nekoan abestiak egokitu egiten ditugu gauden lekura. Abesti batzuk, hizkuntza bate­an baino gehiagotan ditugu eta toki ba­koitzean dagokion hiz­kun­tza­tan abesten saiatzen gara.

Miren Amurizaren laguntza izan duzue letrak egiterakoan.
Bai, bereak dira. Ikuspuntu fe­meninoa nahi genuen, sen­tsi­bilitate femenino hori, eta be­rak goitik behera asmatu du. Oso oso gus­tora geratu ga­ra. Mezu indar­tsuak, esanahi haundiko letrak dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!