Hernanik aurrera Herriartekoan, egun haundietan bezala jokatuta

Kronika - Erredakzioa 2014ko ekainaren 4a

Atauni hiru partidutik bi irabazita, eta 15 tantoko aldearekin, Hernanik egin du aurrera Herriartekoan.

Festa ederra bizitu zuten Her­naniko pelotazaleek joan den ostiralean, Hernanik Atau­ni irabazi eta aurrera egin bai­tzuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan. Eliminatoriari buelta ematea lortu zuten her­naniarrek, Ataunen 2-1 galduta iritsi baitziren Herna­nira. Kadeteek gutxi galduta, eta jubenilek eta nagusiek erraz irabazita, aurrera egin du Hernanik, eta hurrengo eliminatoria jokatuko du, ostiral honetan bertan, Hernanin, Oiartzunen kontra, iazko txapeldunaren kontra.

3-3 eta 15 tantoko aldea
Ataunen bi partidu galdu zi­tuzten hernaniarrek, eta 9 tantoko aldea kendu zieten goierritarrek. Hernanik asko jokatu beharra zeukan ostiralean, eta halaxe egin zuen, egun haundietan bezala. Zaleek ere egun haundietan bezala eran­tzun zuten, eta festa izan zen frontoian. Hernanik 3-3 berdindu zuen kanporaketa, eta 15 tantoko aldea lortu.
Kadeteetan zeukan Ataunek bikote gogorrena. Hernania­rrak, Xabat Pagola eta Ander Lazkano, jakinda zenbat balio zuen tanto bakoitzak, gorputz eta arima saiatu ziren tanto bakoitzean, eta 9 tanto egin zizkieten ataundarrei.
Jubeniletan, Ekaitz Cisneros eta Suharri Rodriguez egurrera atera ziren, motibatuta, eta Ataungo partidu txarra ahaztu nahian. Nagusi izan ziren, eta 22-4 irabazi zieten Azkonobieta eta Zabalari.
Nagusiek irabazi eta 5 tanto baino gehiagoko aldea behar zuten. Ez zuten hutsik egin. Paul Ojuelek eta Markel Lizea­gak beren maila erakutsi zu­ten. Erraz nagusitu ziren Arra­tibel eta Zalduaren kontra, eta 22-3ko emaitzarekin, Her­nani final laurdenetara pasa zuten.

Berria txapelketan, jubenilek aurrera
Berria Txapelketako hiru partidu ere jokatu dira asteburuan Hernanin, eta Labak eta Erasun jubenilek aurrera egin dute, eta finalerdietan sartu dira, Markinari 22-7 irabazita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!