zer da elikadura jasangarria? Eta gai horren inguruan Hernanik zer egiten du eta zer ez du egiten? Hernaniko DBHko ikasleek Alkatearekin hitz egingo dute gai horiei buruz, gaur, 11:30etan, bilera berezi batean.
Eskola Agenda 21 programak Hernanin 10 urte bete ditu aurten. Naturaren aldeko kontzientzia hartzea nahi da programa honekin, eta Hernanin, 10 urte horietan, sei gai aztertu dituzte ikasleek, kurtso guztian zehar. Hondakinei buruz aritu ziren lehenengo aldian, 2004-05 ikasturtean. Hurrengo bi urteetan Mugikortasuna izan zuten gaia. Gero berriz Hondakinak; 2008-09an Kontsumoa vs. Hondakinak. Ura bi ikasturtez. Biodibertsitatea; Biodibertsitatea eta Aniztasun Kulturala... eta aurten, azkeneko ikasturtean, Elikadura jasangarria.
Bilera gaur, eta erakusketa bihar
Joan diren hamar urteetan, beraz, Hernaniko ikasleek herria jasangarriagoa izateko lan egin dute. Lehen Hezkuntzan landu izan da Agenda 21, eta aurten DBH, Batxiler eta Heziketa Zikloetan landu dute. Urte guztian ateratako ondorioen berri gaur Alkateari emango diote 11:30etan Pleno Aretoan. Bihar erakusketa daukate, 10:00etatik 13:00era, Biterin.