Festa giroa nabaria da dagoeneko herriko auzo eta txoko guztietan.
Osiñagan, adibidez, atzo hasi ziren motorrak berotzen, Gartxotekin batera egindako kantu afarian, eta gaur festetako programak banatuko dituzte etxez etxe. Urtero festetan egiten duten bazkarirako izenematea ere etxez etxe egingo dute.
Bestalde, Ereñotzuko festetako egun potoloenak bi aste barru izango dira, ekainaren 12tik 15era. Baina gaur bertan, festa giroan murgiltzeko Ereñotzuko I. Kross Txikia eta Ereñotzuko IV. Mendi Lasterketa egingo dira.
Datorren asteburuan ospatuko diren festak izango dira, baita ere, Florida-Etxeberri auzokoak. Hainbat urtetan zehar ez dira ospatu, eta aurten, bi egunetako programa eta haurren danborrada errekuperatu dituzte.
Osiñaga auzoan gaur banatuko dituzte festetako programak, eta bazkaritarako izena eman nahi dutenak apuntatuko dituzte, etxez etxe joanda.
Etxeberriko festak, bueltan
Auzoetako festak oso preziatuak izaten dira Hernanin, baina aurten, bada auzo bat protagonismo berezia hartuko duena: Florida-Etxeberri, hain zuzen. Izan ere, garai batean ospea izaten zuten bertako festek, giroak, haurren danborradak eta gainerako guztiak.
Urteak dira auzo honetako festak ez direla ospatzen, baina hainbat auzotar lanean aritu dira aurten, festak errekuperatzeko.
Datorren asteburuan ospatuko dira, ekainaren 7 eta 8an, eta lehengo hainbat ekitaldi ere errekuperatuko dituzte. Horien artean, haurren danborrada, igandekoa.
Bestela ere ez da aspertzeko denborarik izango, ez Florida-Etxeberrin, ez Osiñagan, eta ezta Ereñotzun ere, hurrengo astean.
EREÑOTZUKO FESTAK
GAUR, EKAINAK 1:
10:00: Ereñotzuko I. Kross Txikia (5-11 urtekoentzat).
10:30: Ereñotzuko IV. Mendi Lasterketa Aiako Harria Parkean barrena. Irteera eta helmuga plazan.
EKAINAK 6, ostirala:
22:30: XXIX. San Antonio Mus Txapelketa Ur Mia elkartean.
EKAINAK 12-15:
Festak.
OSIÑAGAKO FESTAK
EKAINAK 7, larunbata:
10:00: Bizikleta bira auzoan zehar. Ondoren, hamaiketakoa izango da Arriatsun parte hartzaileentzat.
12:00: Txupinazoa eta haur jolasak.
14:00: Bazkaria.
16:30: Auzoko gazteen arteko pelota partiduak.
17:30: Herri kirolak; zein baino zein, bi kuadrilen arteko desafio ikaragarria: aizkora, txinga, korrika...
19:00: Bertso saioa Hernaniko eskolako bertsolariekin.
Ondoren: Sagardo eta bakailu dastaketa. Bitartean, auzoko trikitilariak ariko dira.
20:30-22:00: Dantzaldia Laiotzekin.
24:30: Laiotz, berriro.
Goizaldean: karaokea.
EKAINAK 8, igandea:
12:00: Auzokoak gogoratzea, beheko zubian.
12:30: Helduen arteko pelota partiduak.
13:00: Bertsolariak (Peñagarikano eta Telleria).
14:00: Bazkari herrikoia Arriatsun.
18:00: Abere desafio berezia. Imanol Paollaren zaldia, Astigarragako neska kuadrila baten kontra.
20:00: Dantza Xaprerekin.
ERAKUSKETA:
Osiñagako animaliak ikusi ahal izango dira, haundiak eta txikiak.
MUSIKA:
Xafre ariko da egun osoan zehar giroa alaitzen Osiñagako auzoan.
FLORIDA-ETXEBERRIKO FESTAK
EKAINAK 7, larunbata:
09:00: Diana auzoko kaleetatik, eta ondoren, Buruhaundiak.
11:00: Haurrentzako jolasak.
12:30: Patata-tortila txapelketa.
14:00: Paella jana herrikoia Etxeberriko pelotalekuan.
15:30: Mus Txapelketa Etxeberriko Lagun Arteak antolatuta.
16:00: Haurrentzako jolasak.
17:00: Esku pelota erakustaldia Hernaniko Pelota Eskolaren eskutik.
18:00: Haurrentzako txokolate jana.
19:00: Marsel magoaren ekitaldia Etxeberriko pelotalekuan.
20:00: Karaokea eta zezen mekanikoa.
22:00: Disko festa DJarekin.
EKAINAK 8, igandea:
10:00: Diana auzoko kaleetatik.
10:00: Probintzia mailako bolo jaialdia Florida auzoko bolatokian. Jokaldia dohainik izango da (izenematea: 10:00-11:30).
11:00: Meza nagusia hildakoen omenez.
11:30: Haurren danborrada.
12:30: Sagardo dastatzea txarangarekin batera.
14:00: Jaien amaiera.