Ekainaren 8ko Giza Katerako astebete besterik ez da falta, eta motorrak berotzen joateko azken festa antolatu dute gaur Galarretan. Hernaniko Gure Esku Dagok antolatu du festa, eta bi ordu eta erdiz, ideologia eta era guztietako jendea elkartzea da helburua. Festa goizeko 11:00etan hasiko da, eta 13:30ak bitartean ekitaldi mordoxka antolatu dituzte, erabakitze eskubidearen alde.
Ekitaldi mordoxka, debalde
Hasteko, erremonte jaialdia: egungo txapeldunek, Uterga eta Ionek, Etxeberria IV eta Barrenetxea IVren kontra neurtuko dituzte indarrak. Pintxoak eta sagardoa ez dira faltako, tripazorriak asetu eta eztarria freskatzeko. Segidan izango dira: dantzariak, bertsolariak, Kantuz eta Ozenki abesbatzak, trikitilariak eta haurren txokoa; Anjel Oiarbide ere bertan izango da. Eta eguna borobiltzeko, Kataluniatik etorritako 120 Castellersek emango dute ikuskizuna.
Ekitaldi guztiak debalde izango dira, izan ere, parte hartuko duten talde, elkarte eta gizabanako guztiek borondatez egingo dute. Aurkezle lanetan ere, lau boluntario ariko dira: Mikel Laskurain, Oihane Mateos, Iñigo Aiestaran eta Matxin III.
Galarretara joan-etorria egiteko autobus zerbitzua doan jarri du Garayarrek, 10:30etatik 13:00etara.