Udaran asko dira Hernanin bertan geratuko direnak, eta gorputza mugitzeko aukera bat izan daiteke ikastaro bat egitea. Hernaniko kiroldegiak hainbat aukera jarriko ditu uztaila eta abuztuan, kirola egiteko, bai lehorrean eta bai urean.
Aurten bi berrikuntza izango dira: Zumba, eta Body training-walkinga. Betiko ikastaroei gehituko zaizkie bi horiek: pilates, aerobik, ziklo-indoor, tenisa eta piragua, lehorrean; eta mantenimendua, hastapena, eta haurdunak, igerilekuan.
Ikastaro gehienak ezagunak dira: ziklo-indoor, pilates, aerobik, tenisa eta piragua...
Izenematea zabalik, lehorreko 7 ikastaroetan
Fitness ikastaroak deitzen zaie, eta dagoeneko zabalik dago epea apuntatzeko, ekainaren 13ra bitartean, kiroldegian bertan. Lehorrean egiten dira, eta hor daude beti arrakasta duten aerobika, ziklo-indoorra edo pilatesa, esaterako eta baita Body training-walkinga eta Zumba ere. Body trainingari esaten zaio konbinatua ere, eta berez paretean goma batzuk jarrita egiten da, goma horiek erresistentzia dute, eta horrekin lantzen da gorputz osoa. Zumba berriz, askok ezagutuko dute jada, arrakasta izaten ari delako. Aerobikaren estiloko zerbait da, baina salsa musikarekin egiten dena, batik bat.
Horiek helduentzat dira, eta gaztetxoentzat piragua eta tenisa daude aukeran, 10 eguneko kurtsiloak, 9-11 eta 12-16 urteko haurrentzat.
Prezioak 21 euro eta 45 euro bitartean ibiliko dira, egun kopurua eta ikastaro motaren arabera.
Igeriketa ikastaroak
Funtsean, hiru ikastaro mota daude igerilekuan: hastapena, mantenimendua eta haurdunentzakoa. Uztailean aukera haundixeagoa izaten da, eta horretarako izenematea ekainaren 13tik 19ra dago. Helduen kasuan, igeriketan hasi nahi duenak hastapeneko kurtsoa badauka; mantenimendua nahi badu, baita ere.
Hasierako kurtsoak badira haurtxoentzat ere, edo 3-4 urtekoentzat, eta 5 urtetik gorakoentzat. Kurtso horiek, gainera, ezberdinak dira, umeek lehendik kontakturik baduten edo ez ikusita.
Igeriketa kurtsoetan: hastapena, mantenimendua eta haurdunei zuzendutakoa...
Azkenik, haurdunentzako ikastaroak ere badira.
Abuztuan aukera txikixeagoa dago: hastapena helduentzat eta hastapena 3-4 urteko eta 5 urtetik gorakoentzat. Haurdunentzako ikastaroa ere badago. Abuztuko izenematea uztailaren 21etik 26ra egin beharko da.
1.200 lagun urtean zehar, ikastaroetan
Udaran badira ikastaroak, baina mugimendu haundiena kurtsoan zehar izaten da. Joan den kurtsoan 1.200 lagun inguru ibili ziren kiroldegiko kurtsoetan; %50 inguru urean eta %50 inguru lehorrean. Horietatik 137 lagun hirugarren adinekoak. Igeriketa ikastaroetan ur ekintzak dira ume gehien mugitzen dutenak, 200 inguru, 5-9 urte artekoak. Haurtxoetan 70 inguru eta mantenimenduan ere beste 70 inguru.
Lehorrekoetan, pilatesak eta ziklo-indoorrak mugitzen dute jende gehien: 150 inguru, bakoitzak.
Datorren kurtsoan matrikulatzeko aukera uztaila eta abuztuan izango da.