Donostia eta Hernani arteko errepidean kotxerik ez, eta ekintzaz betetako 8 gune

Kronika - Erredakzioa 2014ko maiatzaren 31

Urumeako Ziklobia izango da bihar, 10:00etatik 18:00etara. Errepidea itxi egingo da motordun ibilgailuentzako eta
bizikletan, patinetan, oinez... ibiltzeko aukera izango da, 7 kilometrotan. Egun osoko festa ederra antolatu dute.

Motordun ibilgailuak baztertu eta beste modu batera mugitzeko aukera izango da bihar Loiola eta Hernani elkartzen dituen errepidean. 7 kilometrotan zehar, bizikletan, patinetan, oinez, gurpildun aulkian... lasai ederrean ibili ahal izango da. Hain zuzen, Ziklobia antolatu du­te Olatu Talka jaialdiaren barruan. Festa hau antolatzen,  Kalapie, Donos­tia, Astigarraga eta Her­naniko Udalek hartu dute parte, 3 herrietako hainbat talderen laguntzarekin. Ibilbide osoan, 8 gune egongo dira, ekintza desberdinekin gozatzeko, eta parte hartzeko dei egin dute.

Bizikleta irteera, Hernanitik
Hernaniko JOCC-Zikuñako Ama txirrindulari taldeak irteera antolatu du Loiolako Erriberara, joan-etorria. 10:00etan abiatuko dira Zinkoeneatik. Alde batetik, elkartekideei azaltzeko dei egiten diete txi­rrin­dulari martxan laguntze aldera. Goizeko 09:45etarako ja­rri dute hitzordua, elkartearen arropa jantzita. Saioa amaitzean, animatzen diren guztiak Goizuetara (edo beste nonbaitera) joango dira. Eta bestetik, herritarrei parte hartzeko dei egiten diete.

Dantza, kontzertuak, giza-proba...
Zirkuitu osoan zehar, ekintza ugari antolatu dituzte. Besteak beste: ginkana, Jon Mayaren Altzaquillo dantza emanaldia, Makulu Ken, haurrentzako zum­ba eta cardio box saioak, giza-proba Ergobiko plazan, plaza dantzak, sabel dantza, estilo desberdinetako musika emanaldiak... Giza-proban, Astigarra­ga­ko Emarri taldeko neskak neurtuko dira Urretxuko mutilen aurka.
 
Sagardoa garraiatzeko ala
Sagardoaren Ibaia egitasmoaren gunean, Lizeaga sagardotegi parean, Ala eraikiz erakusketa egongo da, besteak beste.  Egitasmo hau, Petritegi eta Lizeaga sagardotegiek eta Albaola elkarteak sortu dute elkarlanean. Aurreko asteburuan, ala bat eraiki zuten, garai batean Urumean zehar sagardoa garraiatzeko erabil­tzen zen itsasontzia. Eta ikusteko aukera izango da.
Trafikoan, aldaketak
Loiolako Erriberatik (La Salleko errotonda) Hernaniraino (Zin­koenea) doan errepide nagusia, Txomin, Martutene eta  Astiga­rraga zeharkatuz, itxi egingo da. Goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte, ezingo da bertara motordun ibilgailurik sartu. Horren eraginez, trafikoan aldaketak egongo dira eta udaltzainek hartutako neurriei kasu egiteko eskatu dute. Astigarra­gan, portaletan jarri dituzte azalpenak. Ziklobiaren ibilbidearen bazterrean aparkatuta dauden kotxe guztiak erretiratu egin beharko dira goizeko 08:00ak baino lehen. Udalak barkamena eskatu nahi die egun horretan kotxea erabili nahi edo behar duten herritarrei jasan beharko dituzten eragozpenengatik.
Hernanin, Martindegitik Zin­koe­neara doan bidea itxiko dute eta Zinkoenean, trafiko aldaketak izango dira. Karabelgo errotonda ere itxita egongo da. Aka­rregi poligono barrutik doan bi­dea berriz, irekita egongo da Ka­rabelera joateko. Jarritako seinaleak eta antolatzaileen esanak errespetatzeko es­katu dute. Eta zalantzaren bat izanez gero, udaltzainei galdetzeko.

Bidebitarten aparkatzeko gomendioa
Astigarragari dagokionean,bihar kotxea behar dutenei Bi­de­bitarte poligonoan aparka­tzeko gomendatzen die Udalak.

Autobus geltokietan ere, aldaketak
Bi autobus gorriek, A1 eta A2 lineek, ibilbide bera egingo dute igandean, beraz, ordu laurdenero autobusa egongo da Donos­tiara joateko. Her­na­nin, Kara­belen bakarrik geratuko da eta Astigarragan Por­tutxoko errotonda haundian behin behineko geltokia jarriko da. Beraz, Asti­garraga eta Hernaniko beste geltokietan, igandean, ez da autobusik ibiliko. Portutxotik Donos­tiarako bidea, eta alderantzizkoa, Urumeako autobiatik egingo du autobusak, beraz, Martu­tenen eta Loiolan ere ez da geratuko.
Hernanitik abiatzen den Usurbilgo autobusean ere aldaketak izango dira. Antziola eta Zinkoeneako geltokien ordez, Kiroldegi aurreko geltokia erabiliko da (Latsunbe), 16:45 eta 17:45 orduetako lineetan.

Zirkuitu barruan ibiltzeko, autobus bereziak
DBusek antolatuta, autobus lan­zadera zerbitzua egongo da Ziklobiako zirkuitu osoan, ekitaldi batetik bestera mugitu nahi duten guztientzat eta baita ere zirkuituaren inguruan bizi diren herritar guztientzat. Karabeletik abiatu eta Astigarragatik pasata, Martu­tenen barrena joango da Loiola­ko kuarteleraino. 20 mi­nutuko maiztasunarekin ibiliko da, gutxi gorabehera, eta zerbi­tzua doakoa izango da.

Koxka elkartetik, parte hartzeko deia

Koxka elkarteak, Hernaniko Atzegik eta Pausokak bat egiten dute jendea animatzeko, Ziklobian parte hartzera. Elkarte horiek lan egiten dute desgaitasuna duten pertsonen alde. Hori dela eta, deia egiten dute, Ziklobia egunean, bihar, eguerdiko 12:00etan, Zinkoenean denak elkarrekin gelditzeko. “Handik abiatuta, Akarregi auzora joan eta berriro Zinkoeneara bueltatzea litzateke.  Kontua da paseotxoa egitea, gurpildun aulkiekin, makuluekin, haurrentzako aulkiekin... Geure erritmoan, geure pausoan, presarik gabe... Eta hori guztia karretera baten barrena, hain zuzen ere egun bakar batez trafiko motorizatua traba eta oztopo izango ez den karreteran.
Elkarte horiek deia egiten diete, bereziki, bere bazkideei; baina baita ere senide, lagun... eta hernaniar guztiei: “elkarrekin ibili gaitezen metro horietan, bihar”.     

EGITARAUA
Loiolako Erriberak
Patinada (irteerak)
- 10:00 Izotz Jauregia.
- 10:30 Sagues.
- 10:30 Antiguako anbulategia.
- 11:00 Mundaizeko zubia.
10:00 Bizikletak prestatzeko tailerra.
10:00 Gipuzkoan bizikletaz.
11:00 Bebes de la bulla.
11:30 Tutti-Frutti (jazz musika).
12:30 Illumbe Akordeoi Orkestra.

Txomin Enea
10:00-14:00 txapa tailerra.
10:00 kultur trukerako postua.
12:00 Sambatuak.

Martutene
Egun osoan, ginkana, patinada eta argazki erakusketa.

Sagardoaren Ibaia
(Lizeaga sagardotegi parean)

Egun osoan, ‘Ala eraikiz’ erakusketa. Janari eta edari postua. Bolo jokoa eta toka.
11:30 Los Improbables (Blues).
12:00-16:30 mekanika ikastaroa.
13:00 Altzaquillo dantza emanaldia.
15:30 Makulu Ken (Afrobeat).
17:00 Ilunabar.

Astigarragako errotonda
10:00 txistulariak bidean zehar.
11:00 postuak: Xaguxar, Gure Esku Dago eta Ikastola.
12:00 esaldiak idatzi.
12:30 trikitilariak ibilbidean zehar.
13:00 Txirrindagan BTT lasterketako oparien zozketa, Joseba Barandiaran plazan.
16:00, AHIT haizezko taldea.
17:00 Taupada batukada.

Erribera plaza (Astigarraga)
Egun osoan, Tolosako merkatua, Jolas tradizionalak eta txozna.
11:00 haurrentzako zumba eta cardio box saio irekiak.Serigrafia tailerra.
12:00 giza-proba: Emarri (neskak)/Urretxu (mutilak),

Ergobiko plazan.
12:30 plaza dantzak.
13:30 bingoa.
14:00 JAZZ4U (Bosa Nova).
15:00 haurrentzako tailerrak.
16:00 sabel dantza.
18:00 Killer Dalsie (Metal).

Martindegi
Egun osoan, euskal grafia, Bubble Soccer eta Ajedrez erraldoia.
11:00 Bide Heziketako tailerra
12:30 Herri kiroletako haur txokoa.
13:00 Hirutxulo (Folk).
15:00 Howdy (Folk).
17:00 Joxan Mavido (Rock).

Hernani
10:00 Bizikleta irteera Zinkoeneatik.
11:00 Artevixu (perkusioa).
11:00-14:00 Longboard eguna.
12:00 Oztoporik gabe, irteera Zinkoeneatik.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!