Pepi Arrieta ondo gogoan dauka Mari Fe Lucasek. Haiekin hasi zen lanean, Kale Nagusiko arrandegian, orain dela 46 urte. «Oso erlazio ona izan nuen ordutik senar-emazteekin, eta gerora ere ia senitartekoen arteko harremana izan dut haien seme-alabekin».
Mari Fe Lucasen kargu gelditu zen gero arrandegia. Guztira, 46 urte pasa ditu bertan lanean, eta iritsi zaio erretiroa hartzeko garaia. «Uste dut jubilatu egin beharra nuela, baina ez zait erraza egingo. Jarraituko nuke». Hala ere, lasai dago, jarrraipena ikusten baitio arrandegiari. «Gelditzen direnak betikoak dira, eta badakit bezeroek ere jarraituko dutela». Hemendik aurrera, Nati, Cris eta Cris izango dira arrandegia aurrera aterako dutenak.
Arraroa egingo zaizu orain arrandegitik kanpo egotea!
Oso! Neregatik jarraitu egingo nuke, baina uste dut badela garaia erretiroa hartzeko. Hala ere, denbora asko daukat eta ez naiz moldatzen arrandegitik pasa gabe. Oraindik goizero laguntzen diot Cristinari Pasaiako lonjara; lehen ni joaten nintzen-eta. Gero, egunean zehar ere arrandegitik pasatzen naiz, eguna zer moduz dijoan galdetzera.
Hernaniarrak arrainzaleak al dira? Ala nahiago dute haragia?
Arrainzaleagoak direla esango nuke. Erosteko modua aldatu da, dena aldatu delako, baina hemen beti kontsumitu izan da arrain asko. Eta nik uste dut oraindik ere jarraituko duela.
Zertan nabaritu duzu aldea?
Erosten den arrain mota aldatu da. Garai batean, asko erosten ziren bakailua, maruka, perlita, txitxarroa... Orain, berriz, berdela dexente saltzen da, eta lehen, bat ere ez! Legatza ere, orain egunero saltzen da, eta lehen oso garestia zen, Eguberritarako bakarrik erosten zen ia. Bestela, konjelatua. Gogoratzen naiz mediana bat 1.000 pezetatan saldu izana! Oso garestia da hori! Orain merkeagoa da!
«Erosteko modua aldatu da, dena aldatu delako, baina hemen beti kontsumitu izan da arrain asko».
Bestalde, lehen bixigua asko izaten genuen, Hondarribin sartzen zelako. Orain, urte osoan zehar ere ez gara 100 kilotara iristen.
Lonjan erosteko moduan ere izan al da aldaketarik?
Sistema betikoa da. Pasaiara joan gara gu beti, eta hango lonjak lau bat aldiz berritu dituzte. Baina sistemak berdin jarraitzen du: enkantea.
Lonjara joaten garenean, 4, 5 edo 6 itsasontzik ekarritako jeneroa egoten da, lotetan antolatuta. Lote bakoitzean 20, 30 edo 40 kaja inguru egoten dira, eta loteka saltzen da. Gehien ordaintzen duenak harrapatu den azken lotea erosten du; arrain freskoena. Gero eta merkeago, orduan eta egun gehiago dituen lotea. Noski, gero badago bajurako arrantza, antxoa eta horrelakoak, eta hori normalean egunekoa izaten da dena.
«Oso profesional ona izan naizela esan didate, eta ikaragarri eskertzen diet».
Gero eta lote freskoagoa erosi, orduan eta garestiago saldu behar, ezta?
Noski. Baina guk beti saldu izan dugu jenero ona, eta jendeak badaki ordaindu egin behar duela arrain ona nahi badu.
Bertako arrainari harrera ona egiten al zaio Hernanin?
Bertako antxoa, adibidez, oso ondo saldu izan da hemen. Baita hegaluzea ere. Baina uste dut hegaluzearen prezioa igotzen joango dela; dagoeneko gutxiago erosten da. Lehen ikaragarri enbotatzen zen. Batzuek 100 kilo erosten zituzten, enbotatzeko bakarrik. Antxoa, berriz, errekuperatu egin da. Oraindik badago, erregulatu egin delako.
«Uste dut hegaluzearen prezioa igotzen joango dela».
Txitxarroa, bestalde, orain oso gutxi dago. Garai batean 200 kaja ekartzen ziren, eta orain, 40 ekartzen badira, asko da.
Bertakoen artean gutxi saltzen dena sardina da. Oso haundia da eta jendeari ez zaio asko gustatzen. Nahiago dituzte antxoak, finagoak.
Eta angulak? Batzuek, ezagutu ere ez!
Angulak! Lehen ia egunero, edo behintzat, astebururo saltzen ziren! San Jose egunera arte, edo, goiz tokatzen bazen, Aste Santura arte saltzen zen.
Erosteko ohiturak aldatu diren moduan, bezeroak ere aldatu al dira?
Bezero ezinhobeak izan ditut beti, eta tratua zoragarria izan da; asko eskertzen dut. Mundu guztiari nere esker ona adierazi nahi diot. Oso profesional ona izan naizela esan didate, eta ikaragarrai eskertzen diet. Lujuzko bezeroak izan ditut, eta uste dut jarraituko dutela. Azken batean, arrandegian lanean jarraituko dutenak ere betikoak dira.