Ikuskizun ederra izango da gaur Astigarragan. 4x4 kotxeak akrobaziak egiten ikusteko aukera izango da, hau da, sekulako zulo eta oztopoak nola gainditzen dituzten ikusteko aukera. Kotxe hauek guztiz bertikalak diren paretak igotzeko gai ere izaten dira. Bidebitarten izango da, babes ofizialeko etxeen atzean. Bost gune desberdin izango dituzte parte hartzaileek. Iaz antolatu zuen aurreneko aldiz 4x4 erakustaldia Astigarragan, Oztopo Racing taldeak eta izandako arrakasta ikusita, aurten berriz antolatzea erabaki dute.
Erakustaldia arratsaldeko 16:00etan hasiko da, baina eguerdiko 12:00etan, kotxeak ikusi eta argazkiak ateratzeko aukera egongo da. Arratsaldeko 17:00etan, berriz, The Zepo rock talde hernaniarrak joko du, ikuskizuna girotzeko.
17 parte hartzaile
Denera, 17 ibilgailuk hartuko dute parte. Horien artean, inguruko parte hartzaileak izango dira, Oiartzun, Hernanin edota Astigarraga bertakoak. Iñigo Betelu, Javi Lajas eta Astigarragan sagardotegia duen Iñaki Larrarte zaldibiarra behintzat, bertan izango dira. Nafarroatik ere etorriko dira beste hainbat parte hartzaile.