Saririk haundiena lortzeko borrokan bihar, Hernani-Cisneros

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 31a, 02:00

Denboraldia urrezko brotxearekin bukatzeko aukera izango du bihar Hernaniko nesken taldeak. Cisnerosen kontra jokatuko du Burgosen, 12:30etan. Irabaziz gero, gorengo mailara igoko da.

Burgosen izango da par­tidua, bihar, 12:30etan San Amaroko zelaian. Zelai neu­troan. Hil ala biziko borroka espero da. Izan ere, Madrilgo Complutense Cisneros tal­deak ez dio erraz aldegiten utziko Ohorezko Mailari. Baina Hernani ere bo­rro­karako prest joango da. Biharko partidua irabaziz gero, egindako denboraldi borobilari bukaerarik onena emango dio; Gorengo Mailara igotzea lortuko baitu.

Zaletuak animatzera joa­teko autobusa ere antolatu du klubak. Landaren bertan, eta Zintzarri tabernan jarri di­tuzte salgai txartelak, 5 eu­rotan. Autobusa, bihar ate­rako da Atsegindegitik, goi­zeko 09:30etan.

Euskal Ligatik, Ohorezko B Mailako txapeldun izatera

Sinistu ezineko denboraldia jokatu du Hernanik. Euskal Ligan hasi zen, urtero bezala, eta bertan, bigarren postua lortu du. Aurretik, Getxo besterik ez da gelditu; dagoe­neko Ohorezko Mailan joka­tzen duen taldea, alegia.

Hernanitik autobusa aterako da taldea animatzera joateko.

Denboraldi bikain horri esker, igoerako play offetan izan da Hernani. Lehengo asteburuan jokatu zen ligilla hori, Estatuko beste lau au­tonomiatako taldeen kontra, Leonen. «Ligilla jokatzea eta beste talde batzuk ezagutzea saria» zela zioten joan au­rretik Hernaniko jokalariek. Ez zuten lorpen haundirik espero, «gainontzeko taldeak esperientzia eta bide luzea­goa duten taldeak direlako», eta hernaniarrek 3 urte bes­terik ez daramazkitelako jo­ka­tzen. Baina ezusteko ga­lan­ta hartu zuten 4 par­tidutatik 3 irabazita. Horrek, Ohorezko B Mailako txapel­du­nen kopa Hernanira ekar­tzeko aukera eman die.

Urrezko ezteiak Gorengo Mailan ospatzeko ametsaren bila
Amets bat bizitzen ari dira, eta ametsak kunplitzen ari direla ikusita, horretan se­giko dute hernaniarrek.
Cisnerosek ez du urte ona izan, baina historia eta es­pe­rientzia haundiko taldea da eta maila haundiko joka­la­riak ditu: Marina Bravo edo Lia Bailan, adibidez. Horre­ga­tik, borroka gogorra izango da.

Hernaniko klubak, ordea, datorren urtean 50 urte be­teko ditu, eta bi taldeak Go­rengo Mailan dituela ospa­tzeko borrokatuko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!