«Oso oso gustora etortzen gara, gainerakoak ere animatu beharko lirateke»

Kronika - Erredakzioa 2014ko maiatzaren 31

2012ko urtarrilean, Berriketan egitasmoa jarri zuen martxan Auzo Udalak. Ordutik, asteazkenero (17:00-18:30),
60 urtetik gorako 15 bat ereñotzuar elkartzen dira kultur etxean. Harremanak sendotu eta ondo pasatzea da helburua.

Asteazkenero, Ereñotzuko 15 bat lagun, kultur etxean elkar­tzen dira. 60 urtetik gorakoak dira denak eta 17:00etatik 18:30eta­ra, musean, eskoban, sudokuak egiten, hizketan... aritzen dira. «Etxean ere badugu eskoba, baina, hemen gustorago aritzen gara!», dio batek umorean. «Zer egiten dugun hemen? Ba nik sekula egin ez ditudan gauzak (sudokuari erre­ferentzia eginez). Orain arte nik ez nuen sekula horrelakorik egin. Hemen hasi nintzen, bata bestea animatuz eta lagunduz», azaldu du beste batek. Musean serio aritzen direnak ere badira: «Politikoak hauek musean aritzen diren bezain serio ariko balira...», diote.

Elkartu, harremanak sendotu, ondo pasa...
Berriketan izeneko egitasmoaren barruan elkartzen dira. Egitasmo hau 2012ko urtarrilean jarri zuen abian Auzo Udalak. Helburua da adinekoak elkarrekin egon, harremanak indartu eta elkarri konpainia egitea. Hori guztia, ondo pasaz. Saio bakoitzean, bakoi­tzak gustoko duena egiten du eta azken orduerdian, meriendatu egiten dute: kafea, gailetak, pastak... Urteak ere ospa­tzen omen dituzte. Araitz Aira da dinamizatzailea, edo berai­ek dioten bezala, “maixtra”.
Hasiera hasieratik daude ia denak. Aldaketaren bat edo beste izan bada ere, talde berdina mantentzen da orokorrean. Hasieratik oso ideia ona iruditu zitzaiela azaldu dute: «Oso oso gustora etortzen gara. Hasiera hasieratik animatu ginen. Honen berri izan genuenean, oso ideia ona zela iruditu zitzaigun. Ikasi, elkarrekin egon, hitz egin, ondo pasa... Lehen ere, kalean ikusten ginenean, hizketan geratzen ginen, baina desberdina zen. Beste kontu bat da astero astero biltzea».

Bi ordutara luzatu
Saioa pixka bat luzatu beharko litzatekeela ere iruditzen zaie batzuei. «Bi ordutara luzatuko nuke nik. Batzuetan motz xa­mar geratzen da. Batez ere, kartetan irabazten ari zarenean!».
Elkartzen direnak, gehienak, ingurukoak dira, gertu bizi direnak, eta gainerakoei ere animatzeko dei egiten diete. «Epeletik ere ea anima­tzen diren!», diote. Gainera, garraioarekin egon daitezkeen arazoak ikusita, autobus zerbitzua ere jartzeko aukera egongo litzateke, Auzo Udalean eskatuz gero. Epeletik Pagoa­garako tartean eskainiko litzateke zerbitzua.

Apuntatzeko, Auzo Udalera deitu
Egitasmoa dohainik da eta apuntatu nahi duenak Auzo Udalera deitu besterik ez du. Udako oporraldian ez da saiorik izango, ikasturteko egutegiarekin funtzionatzen baitute, baina geratzen diren saioetara azaltzeko aukera egongo litzateke. Telefonoa: 943 55 10 00.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!