Atez Ateko bilketa egiten duten sei udalerriek, tartean Hernanik eta Astigarragak, prentsa ohar komuna idatzi dute, Denis Itxasok asteartean emandako prentsaurrekoaren harira. Diote, Denis Itxaso dela bilketa selektiboa oztopatzen duen bakarra: «hau baino astakeria haundiagorik ezin zuen esan. Gauza jakina da, eta frogatu litekeena, birziklatze tasa altuenak dituztela Usurbil, Oiartzun, Hernani, Astigarraga, Lezo eta Pasaiako udalerriek, atez ateko bilketari esker; %70-80ko birziklatze tasak lortu ditugu, 2016ko helburua aise gaindituz».
«Helburu du atez ateko sitemaren kontra jotzea»
Prensa oharrean diotenez, Denis Itxasoren helburua da atez ateko bilketaren kontra jotzea: «udalerriak ekonomikoki zigortuta lortu nahi du atez atekoa oztopatzea. Udalerri hauek atez ateko bilketaren koste osoa ordaintzeaz gain, behartzen gaitu Donostia, Lasarte, Errenteria eta Urnietako edukiontzien bidezko bilketa denon artean ordaintzera. Ez da justua!»
«Ez gaude prest horrela jarraitzeko»
San Marko Mankomunitateak martxan jarri du edukiontzien bidezko bilketaren lizitazioa berritzeko prozesua. Atez atekoa duten udalerriek diote, lizitazio berri hau eman aurretik nahikoa dela esan dutela: «arazoa da, lizitazio berriek mankomunitateko lau herriei emango dietela soilik zerbitzua; baina faktura sei herri txikiei ere pasako zaie. Usurbilek atez atekoa martxan jarri zuenean hitzarmen bat sinatu zuen zerbitzuaren arabera ordainduko zuela esaten zuena; gainerako herriek ere hitzarmen bera sinatu genuen. Egia esan, inoiz ez da ordainketa justu bat eman. Orain kontratua amaitzear dela, gauzak zuzentzea exijitzen dugu».