Astebete besterik ez da geratzen ekainaren 8rako. Hernaniarrak prest dira egun haundirako, eta motorrak berotzen joateko azken festa antolatu dute bihar Galarretan. Goizeko 11:00etan hasiko da, eta bi ordu eta erdian ideologia eta era guztietako jendea elkartzea da nahia; guztiak, erabakitze eskubidearen alde.
Ekitaldi mordoxka antolatu dituzte eta herritarrek debalde gozatzeko aukera izango dute; izan ere, bertan izango diren enpresa, talde eta gizabanako guztiek beraien borondatez hartuko dute parte.
Kataluniako 120 Castellers etorriko dira
Hasteko, ikusteko moduko erremonte partidua antolatu dute: Uterga eta Ion (egungo txapeldunak) ariko dira Etxeberria IV eta Barrenetxea IVren kontra. Tarte horretan pintxoak eta sagardoa ere, izango dira debalde. Eguna borobiltzeko, dantzariak, bertsolariak, Kantuz eta Ozenki abesbatzak, trikitilariak eta haurren txokoa antolatu dituzte. Anjel Oiarbideren parte hartzea ere izango da. Eta eguneko ekitaldi berezia Kataluniatik iritsitako 120 lagunen eskutik etorriko da: 120 Castellersek emango dute espektakulua.
Aurkezte lanetan lau lagun ariko dira: Mikel Laskurain aktorea, Oihane Mateos, Iñigo Aiestaran eta Matxin III.
Arbizun, ekitaldia
Datorren igandean, ekainaren 8an, Durangotik Iruñeara giza katea osatzea da Gure Esku Dagoren helburua. Etxarrenen dute lekua hernaniarrek, eta autobus txartela erosi nahi dutenek astelehena dute azkeneko eguna. Horrez gain, oraindik badago metroak eskuratzeko aukera.
Bestalde, ekitaldiak bost puntutan egingo dira. 71 kilometrotik 103ra dauden herritarrek Arbizun dute lekua, tartean hernaniarrek. Bertan bazkaldu nahi dutenek 15 euro ordaindu behar dituzte Euskadiko Kutxako kontu honetan: 30350116941161023095. Ordaintzean izena eta herria jarri behar dira.