Desanexio garaitik datorren kontua da Elio-Enea eta Larraburun dauden lurrak Astigarragako Udalaren izenean jartzearena. «Desanexio espedientearen arabera, lur horiek Astigarragako Udalaren esku egon beharko lukete, baina Donostiako Udalak ez du inoiz onartu lur horiek itzultzeko erabakirik, eskaera behin eta berriz egin arren. Hori horrela, Udaleko abokatuak txosten bat prestatu du eta Donostiari eskaera egingo zaio berriz», azaldu zuen Andoni Gartzia alkateak, osteguneko Plenoan. Gobernu Taldearen eta EAJ-PNVren aldeko botoekin onartu zen; H1! abstenitu egin zen.
Alkateak gaineratu zuen, lur horietan Garraioaren Hiria egiteko asmoa duela Diputazioak.
ESAITen mozioa, aho batez onartua
Hiru mozio ere onartu zituen Plenoak. Horietako bat, ESAITen ingurukoa izan zen, EH Bildu, EAJ-PNV eta H1! alderdiek bateratua. Hori horrela, Udalak babesa adierazten dio euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasunari, Euskal Selekzioak ofizialki nazioarteko txapelketetan gainerakoen baldintza beretan lehiatzeko aukera izan dezan. Udalak, Euskal federazioak animatzen ditu ofizialtasun hori lortzeko bide juridikoa aztertu eta agortzera. Eta Munduko Futbol Kopa hastear dagoenez, Espainiako eta Frantziako kirol eta futbol federazioei eskatzen die Euskal Selekzioari jarritako betoa kentzeko.
Fracking gabeko udalerria
Frackingaren inguruan, bi mozio aurkeztu ziren: EH Bildurena eta EAJ-PNVrena. Aurrenekoa onartu zen Gobernu Taldearen aldeko botoekin; EAJ eta H1!ek kontra bozkatu zuten. Horren arabera, Udalak eskatzen dio Hidrocarburos de Euskadi enpresa publikoari bertan behera uzteko frackingaren bidez aztertu, ikertu edo ustiatu daitezkeen hidrokarburo ez konbentzionaletarako ikerketa baimen guztiak. «Ezagunak baitira teknika hauek erabili diren zonaldeetan sortu diren arazoak: edateko ura kutsatzea, lurrikarak sortzea, airea kutsatzea...», azaldu zuen alkateak. Astigarragak jarrera aktiboa hartuko du “Fracking gabeko udalerri” izendatuz eta “Fracking ez” seinalea udalerrian jarriz. Sinadurak jasotzeko orriak ere eskura jarriko dira.
EAJren mozioak, berriz, honakoa biltzen zuen: «Gure ingurunean eduki dezakegun erreserba energetiko guztia kontuan izan behar dugula iruditzen zaigu, balio estrategikoa izan baitezake. Horregatik, azterketa eta ikerketak egin behar direla uste dugu eta azterketek hala dioten kasuan, garatu ere bai, beti ere ingurumen araudia betez eta prekauzio printzipioak betez».
Pribatizazioaren aurka
Euskal kutxen etorkizunari buruzko mozio bana aurkeztu zuten EH Bilduk eta EAJk. Lehenengoa onartu zen Gobernu Taldearen aldeko botoekin; oposizioak kontra bozkatu zuen. Alkateak azaldu zuen Kutxabankeko hainbat bozeramailek banku horren %70a saltzeaz hitz egin dutela, kapital pribatua sartzeaz, eta ezinbestekoa dela kontrol publikoa mantentzea. Honako neurriak biltzen ditu EH Bilduren mozioak: Korporazio fundatzaile diren Diputazioari, Donostiako Udalari eta Kutxari eskatzen die pribatizazioa baztertzeko eta erakunde horren Gizarte Ekintzaren defentsa irmoa egin dezatela. Eta baita bere dimentsioa murriztea eragin dezakeen edozein desinbertsioren aurkako jarrera hartzeko, besteak beste.
Mozioez gain, Garbitaniako kapital murrizketa eta etxeko laguntza zerbitzuaren hitzarmena ere onartu ziren, beste hainbat erabakiren artean.