Aranon, mendi ibilbide ugari daude. Urumea Arnasturen web orrialdean (www.urumeaarnastu.com) aurkitu daitezke guztiak, baina ibilbidean bertan ez daude markak edo seinaleak. Hori horrela, ibilbide horiek markatu beharra ikusi du Udalak eta ibilaldiak antolatzea pentsatu du, zeregin horretarako. Heldu den larunbatean izanen da lehenengoa, ekainak 7an. Irteera honetan, ibilbide bat markatuko dute, baina helburua da pixkanaka ibilbide guztiak markatzea.
Herritarrei dei egiten diete mendi bueltara animatzeko eta parte hartzeko.
Informazio gehigarria bildu
Ibilbidea markatzeaz gain, informazio gehigarria ere bildu nahi dute irteera hauetan: argazki gehiago atera, desnibelen informazioa bildu... Izan ere, Urumea Arnastun dauden ibilbideetan datu horiek falta direla azaldu dute eta osatzea gustatuko litzaiekeela. Horrez gain, ibilbide guztiak markatzean eta informazio gehigarria lortzean, foileto batzuk ere ateratzeko asmoa du Udalak, nahi duenak informazio guztia eskura izan dezan.