Oinezkoei, txirrindulariei eta motorrik gabeko ibilgailuei egun batez erabateko lehentasuna ematea da Ziklobiaren helburua. Familian edo lagunartean, errepideaz beste era batera gozatzeko aukera izango da igandean. Donostiako Loiola auzotik Martindegira dijoan errepide zaharra itxita egongo da ibilgailuentzat; eta Martindegitik Zinkoenearako bidea ere bai. Guztira 7 kilometroko bidea jarriko dute aukeran. Ziklobia goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00etara izango da.
Asteartean egin zuten aurkezpena Donostian, eta bertan izan zen Luis Intxauspe. Alkatearen esanetan «mugitzeko beste bide batzuk bilatu behar dira: patinak, oinez, gurpildun aulkian...» Donostia eta Astigarragako alkateekin batera egin zuten agerraldia, eta azaldu zutenez, ekitaldi mordoa antolatu dituzte, herriko talde ezberdinen laguntzarekin.
Lau ekitaldi, Hernanin
Hernaniko taldeek lau ekitaldi antolatu dituzte eguerdira bitartean. JOCC eta Zikuñako Ama zikloturista taldeak bizikleta irteera egingo dute, 10:00etan Zinkoeneatik. Loiolako Erriberara egingo dute joan-etorria, eta herritarrak animatu dituzte parte hartzera. 11:00etan, Artevixu perkusio taldeak girotuko du Ziklobia. Ordu berean, Longboard eguna antolatu dute. Eta 12:00etan, Oztoporik gabe irteera antolatu dute Zinkoeneatik Koxka, Atzegi eta Pausoka elkarteek. Desgaitasuna duten pertsonen alde egiten dute lana hiru elkarteek, eta igandean herritarrak animatu nahi dituzte beraiekin bat egin eta Akarregira joan-etorria egitera: «egun batez, trafiko motorizatua ez da traba izango karreteran».
Aldaketak
Ziklobiak trafiko eta autobus zerbitzu aldaketak ekarriko ditu. Kronikak biharko edizioan azalduko du guztia.