Nahi baino okerrago hasi du Hernanik Herriartekoa. Final zortzirenetako kanporaketa jokatu zuten Ataunen igandean, eta etxeko pelotariak izan ziren nagusi. Joaneko partidua 2-1 irabazi zuen Ataunek.
Kadetetan, Xabat Pagola eta Iñaki Urruzolak 22-0 galdu zuten Zubizarreta eta Olanoren kontra. Ataundarrak kategoriako txapeldunak dira eta nagusi izan ziren.
Jubeniletan ere ataundarrak izan ziren nagusi Ekaitz Cisneros eta Suharri Rodriguezen kontra; 22-14. Ahazteko moduko partidua jokatu zuten hernaniarrek; Ataungo aurrelaria izan zen protagonista.
Seniorretan Ioritz Arrieta eta Markel Lizeaga erraz nagusitu ziren, 22-1, Arratibel eta Zalduaren kontra, 22-1. Lesio bat medio, Ataungo atzelariak ezin izan zuen jokatu eta hernaniarrek ez zuten barkatu.
Kanporaketa, zaila
Gauzak asko zaildu zaizkie hernaniarrei. Bueltako partiduan hiru partidutatik bi irabazi behar dituzte nahi eta nahi ez; eta horrez gain, bederatzi puntuko aldeari ere eman beharko diote buelta.