Europako Hauteskundeetarako botoa eman zuten atzo 6.344 hernaniarrek, bozkatzera deituta zeudenen %41,67ak. EH Bildu alderdiak lortu zituen boto gehian, 3.107. EAJ alderdiak 958 boto lortu zituen; bigarren alderdi bozkatuena izan zen. Atzetik gelditu zen PSOE 707 botorekin. Podemos alderdia aurreneko aldiz aurkeztu da hauteskundeetara eta 366 hernaniarrek eman zioten botoa. PP alderdia izan zen bosgarren indarra 306 botorekin; Ezker Anitzak 292 lortu zituen; eta UPyDk 114.
Parte hartzea gora, zertxobait
Eguerdira bitartean mugitu zen jende gehien bozkatzera. 15.362 hernaniar zeuden deituta botoa ematera, eta horietatik %41,67ak bozkatu zuen, 6.344 herritarrek.
Abstentzioa %58,33koa izan zen; 8.882 pertsonak ez zuten bozkatu. Aurreko hauteskundeetako datuekin alderatuz, parte hartzeak gora egin zuen zertxobait; 2009an %60koa izan baitzen abstentzioa. Joera hau errepikatu egin da Gipuzkoan eta EAE mailan.
Abstentzioak behera egin zuen Hernanin 2009ko datuekin alderatuta, eta joera mantendu egin zen Gipuzkoan eta EAEn.
54 diputatu aukeratu dira Estatuan
Europako Parlamentuan 54 eurodiputatuko errepresentazioa izango du Estatuak. Alderdi bozkatuena PP izan da, 16 eserleku lortuta. PSOEk 14 eserleku lortu ditu; Ezker Anitzak 6; Podemosek 5, UPyDk 4, Europarako Koalizioak (EAJ) 3; EPDDk 2; C’s koalizioak 2; Herriek Erabakik (EH Bildu) 1; Primavera Europeak 1.
Kronikak erredakzioa itxi zuenean oraindik botoak kontatzen ari ziren Europako zenbait Estatutan; hortaz, erabaki gabe zegoen zein alderdik osatuko duten Europako Parlamentua.