Kantuz Eguna ospatu zen atzo iluntzean; aurten, lehenengo aldiz, parrokian. Aurreko urteetan Milagrosa txiki gelditu izan da, baina aurtengoan errekor guztiak hautsi dituzte, parrokia leporaino beteta. Bertara gerturatu ziren herritarren belarriek gozatu ederra hartu zuten, paradisuan baleude bezala.
Kantuz abesbatzak urtero antolatzen duen kontzertua izaten da hau, eta aurten, bi abesbatza gonbidatu ditu beraiekin abestera: Astigarragako Aiztondo eta Orioko Salatxo. Pianoan, berriz, laguntzaile bikaina izan zuten: Xabier Lizaso.
Kontzertua hasteko 3 abesbatzek elkarrekin kantatu zuten, agur moduan, eta segidan, bina abesti eskaini zituzten Aiztondok eta Salatxok. Etxekoen txanda iritsi zen gero, eta hauek bost abesti interpretatu zituzten. Azkenik, bukatzeko guztiek elkarrekin abestu zituzten Giuseppe Verdi haundiaren 3 obren zati batzuk: Il Trovatore, Nabucco eta Aida. Gehiagorako, itxoin egin beharko da.