Goizeko 09:00etan hasiko dira partiduak Ataunen. Herriarteko Txapelketako lehenengoak izango dira pelotari hernaniarrentzat; final zortzirenetakoak.
Ataundarrak aurkari gogorrak dira, eta partidu parekatuak espero dira. Kadeteetan, Xabat Pagola eta Iñaki Urruzola ariko dira Zubizarreta eta Olanoren aurka. Aurrelari ataundarrak lanak emango dizkie.
Jubeniletan, berriz, Ekaitz Cisneros eta Suharri Rodriguezek partidu oso parekatua espero dute Ataungo Azkonobieta eta Zabala bikotearen aurka.
Hernanin Berria Txapelketa jokatuko da.
Azkenik, seniorretan Ioritz Arrieta eta Markel Lizeaga hernaniarrak izango dira faborito, Zaldua eta Arratibelen kontra, baina ezingo dute lo hartu.
Aurrera Saiaz, Izarra eta Oiarpe gaur kiroldegian, Berria Txapelketan
Beste partidu batzuk ikusteko aukera izango da, Hernanin. Izan ere, kiroldegian ari dira jokatzen Berria Txapelketako partidu gehienak. Gaurkoan, Bidegoiengo Aurrera Saiaz ariko da Portugaleteko Izarra eta Oiartzungo Oiarperen kontra.
Kadeteetan partidu parekatua espero da Aurrera Saiaz eta Izarraren artean. Jubeniletakoa interesgarria izango da, Peña-Aburuza bikote gipuzkoarra kategoriako onenetakoa baita, eta gauzak zailduko dizkiote bikote bizkaitarrari. Azkenik, seniorretan, Aurrera Saiazeko Labaka eta Telletxea faborito aterako dira Oiarpeko Hernandez eta Ugalderen kontra.