Egur usaina darien trastez, lan tresnez eta eskulan ugariz beteriko tailerrean aurkitu ditugu Francisco Palacios, Pedro Mugerza eta Lucinio Moreno eskulangileak. Arratsaldero aritzen dira Zaharren Egoitzako hirugarren solairuan dagoen lantokian euren egurrezko figurak mimatzen. Badira hamabost bat urte bertaratzen direla eta urte luze hauetan beraien teknika hobetu dutela aitortzen dute.
Zaharren egoitzan eskulan tailer bat zegoela jakin zutenean hasi ziren lanean. Aurretik bertan ibiliak ziren pertsona batzuek animatu zituzten bertaratzera, eta lehenengo esperientzia ederra izan zela diote. Ondoren, pixkanaka egurraren lanketaren teknika ikasi zuten eta beraien denbora pasa gogokoena bihurtu zen. Orain beraien bizitzaren parte da, eta ez dute eskulangintza gabeko egunerokotasunik ikusten.
Burdina egurragatik ordezkatu du Palaciosek
Ez dute diru truke lan egiten, beraien denbora pasa gustukoena da eta eguneroko arazoak ahazteko balio diela diote. Francisco Palacios, esaterako, extremadurar jatorrikoa da, eta fundizio batean 30 urtez lan egin zuen bere langile garaian. Jubilatu ondoren, lagun batek animatuta ekin zion eskulanak egiteari: «egurrarekin afizionatu nintzen, beste edozerekin afizionatu nintekeen bezala, eta han eta hemen bueltaka ibili ondoren, hementxe amaitu nuen. Gaur egun bertan jarraitzen dut. Egurraren lanketan ikasi dudan guztia tailer honetan ikasi dut, eta denbora pasa ahala nire teknika hobetzen joan naiz».
Palacios: «Tabernan lagunez inguratuta egotea gogoko dut, baina lantegia da nire babeslekua eta eguneroko bizitaz ahazteko gune aproposa».
Tren eta hegazkinak, Morenoren espezilitatea
Lucinio Moreno, aldiz, Burgosen jaio zen eta laborategi batean aritu zen lanean zinta itsasgarriak egiten, 33 urte luzez. Gaur egun egurrezko tren eta hegazkinak egitea da bere espezialitatea eta harrotasunez erakutsi dizkigu bere eskuekin egindako hainbat lan. Egiten dituen figura guztiak memoriatik egurrera eramaten ditu, hau da, ez du inolako planorik erabiltzen.
Duela 50 urte bere sorterrian ezagutu eta bidaiatutako tren baten erreplika egiten ari da Moreno.
Oraintxe bertan, duela 50 urte bere sorterrian ezagutu eta bidaiatutako tren baten erreplika egiten ari da eta tren horren ezaugarri gehienak oso ondo gogoratzen dituela dio. Eskuak entrenatzeaz gain, memoria ere lantzen du, beraz.
Egurrezko erlojuak egiten trebea, Mugerza
Pedro Mugerza nafarra da taldeko beste artista. Araitz Bailarako Uztegi herrikoa da eta lanetik erretiratu baino lehen igeltsero moduan aritutakoa da. Berak gehien menperatzen duen atala egurrezko ordulariak egitearena da. Egurrezko ordulari dotoreak ditu ikusgai lantegian. Horrez gain, mendian ibiltzeko era askotako makilak ere lantzen ditu eta sarritan bere lagunei oparitzen dizkie.
Mendian ibiltzeko era askotako makilak ere lantzen ditu Mugerzak, eta sarritan lagunei oparitzen dizkie. «Aterkiak konpontzea ere tokatu izan zait».
Denbora aprobetxatzea helburu
Eskulangile horien helburu nagusia da denbora ahalik eta modu probetxugarrienean pasatzea, eta baita taberna girotik ihes egitea ere. Francisco Palaciosek dio taberna gogoko duela, baina bertatik urrun egotea ere ondo datorkiola eta horregatik egiten dituela hainbeste ordu tailerrean sartuta: «Tabernan lagunez inguratuta egotea gogoko dut, baina lantegia da nire babeslekua eta eguneroko bizitza ahazteko gune aproposa».
Egunerokotasunean ez dute inolako irakasleren laguntzarik izaten. Batzuetan marrazkigintzan aditua den gizon baten aholkuak jaso izan dituztela aitortzen dute, baina gehiena beraien kabuz ikasi dutela diote. Bakoitzak bestearen esperientzia elkar banatu duela, eta pixkanaka gauza eta teknika berriak ikasi dituztela onartzen dute.
Esan bezala, ez dituzte beraien produktuak saltzen, baina noizbehinka propinaren bat edo beste jasotzen dute errekaduren bat egiteagatik. Francisco Palaciosek aterkiak konpontzeko abilezia berezia du eta andre batzuek eskatu izan diote apurtutako aterkiak konpontzeko «Aterkiak konpontzea tokatu izan zait eta horren truke dirua eskaini izan didate, baina normalean ez dut dirurik onartzen, fabore bat egitea bezala ikusten baitut».
Material berrerabilia artea sortzeko
Erabiltzen dituzten material guztiak berrerabiliak dira eta, zentzu horretan, oso harro daudela diote: «Gure helburua ez da material onenak lortzea eta artelan ikusgarriak egitea, eskulan xumeak egitearekin konformatzen gara, eta horretarako lehengai berrerabiliez baliatzen gara». Egurra zerrategian lortzen dute ia debalde eta figurak apaintzeko gainontzeko materiala zakarretara doazen trasteetatik hartzen dituzte. Horrek guztiak xarma berezi bat ematen die egiten dituzten lanei.
Orokorrean, eskulanak beraientzat gordetzen dituzte, eta kasu batzuetan lagun eta senideei oparitzen dizkiete. Orain dela bi urte, hala ere, beraiek burututako lanak ikusgai izan ziren Goiz Eguzki Zaharren Egoitzako areto nagusian eta bai eskulangileak, bai ikusleak oso pozik geratu zirela diote. «Jende asko gerturatu zen guk eginiko lanak ikustera, eta jende askok zoriondu gintuen egindako lanagatik», dio Lucinio Morenok.
«Jende asko gerturatu zen guk egindako lanak ikustera, eta jende askok zoriondu gintuen egindako lanagatik».
Bost lagun, normalean
Normalean, aipatutako hiru gizonez gain beste bi pertsona ere egoten dira lanean, baina eskulangile taldea itxia da. Izan ere, espazio mugatua izaki, jende gehiago sartzea ezinezkoa da, eta bertan sartu nahi dutenek Zaharren Egoitzako arduradunari baimena eskatzea ezinbestekoa dute.
«Gazteek galdu egin dute eskulangintzan aritzeko ohitura»
Belaunaldi berriei beraien esperientzia erakusteko prest azaldu dira hirurak.
Egiten dituzten lanak erakusteko irrika berezirik ez dute izan orain artean. Hala ere, badabilkite erakusketa bat egiteko asmoa buruan bueltaka: «konbentzituta gaude egindako lan onenak erakutsiko ditugula etorkizunean».
Eskulangile topaketak, gogoko
Hernanin urtero egiten diren eskulangileen topaketak asko gustatzen zaizkie, eta bertako artisauak ere asko estimatzen dituzte. «Artista horietatik ikastea oso aberasgarria da, eta sarritan aholkua eskatzen diegu, eta gure produktuak erakusten dizkiegu, baita ere», dio Palaciosek. «Asteburuan Hernanin izango den Erdi Aroko azokatik pasako gara eta ea ideia berriak hartzen ditugun, gero guk egurrarekin lantzeko».
«Egindako lan onenak erakutsiko ditugu».
Belaunaldi berriei erakusteko prest
Etorkizunari begira, gazte jendeak eskulangintzan aritzeko ohitura eta gogoa galdu duela diote, eta beraiek prest egongo liratekeela belaunaldi berriei beraien esperientzia transmititzeko.