Hernaniko Berdintasun Kontseiluak ezinbestekotzat jo du Kardaberaz kaleak garai batean zuen Andrekale izena berreskuratzea. Proiektu bat egina dute, eta Udalean bideratu dute eskaera, motibo ezberdinak arrazoituz. Proiektu bera Tabakaleraren Komanditario Berriak ekimenean aurkeztu dute eta aukeratua izan da; beraz, garatzeko aukera izango dute datorren urte eta erdian.
Pausuz pausu azalduta, Zer da Komanditario Berriak proiektua? duela 20 urte Frantzian sortu zen Fraçois Hers artistaren eskutik, eta Europako herrialde ezberdinetara zabaldu da. Gipuzkoan Tabakalerak daramaki, eta aurkeztu dituzten proiektuen artean, Hernaniko Berdintasun Kontseiluak egindakoa aukeratu dute.
Andrekale proiektua, abiapuntu
Proiektuak Andrekale kalearen izena du abiapuntu: «kalearen izen ofiziala hori ez bada ere, sozialki horrela ezagutu izan baita, eta gaur egun ere, askok hala deitzen baitiote». Kale zehatz honen aldarrikapenaz gain, proiektuak aztergai jarri nahi ditu herri eta hirietako leku izenak aukeratzeko garaian kontuan izaten diren irizpideak: «generoaren ikuspegia izango da kontuan, eta era berean, emakumeen ikusgarritasun falta salatuko da».
«Gaur egun ezin da arrazoitu emakumeei kale izenik ez jartzea»
Komanditario Berriak ekimenak aukeratu izanak ahalbidetuko du, urte eta erdian proiektua martxan jarri ahal izatea. Haizea Barcenilla arte irakasle eta komisarioak egingo ditu bitartekari lanak Hernaniko taldearekin. Helburua izango da proiektua bera definitzea eta lortu nahi dena zehaztea. Proiektua garatu ahala, Barcenillak ondoen dijoakion artista aukeratuko du, papereko proiektu hori arte proposamen bilakatu dezan.
Mahai ingurua
Datorren asteazkenean, mahai ingurua deitu du Berdintasun Kontseiluak Biterin. Andrekale: emakumeen presentzia herriko sinboloetan izena jarri diote, eta 19:00etan hasiko da. Bertan parte hartuko dute: batetik, Mertxe Tranche Iparragirre ikerlariak, historialaria da, eta generoa eta espazioan aditua; bestetik, Irungo Bilgune Feministako kideak. Berdintasun Sailak herritarrak animatu nahi ditu, azaldu eta epe motzera sortu nahi den taldean parte izatera.
Memoriaren gordailu
Berdintasun Kontseiluak egindako txostenak Hernaniko kale eta plazetan berdintasuna? izena du. Sarreran kaleak memoriaren gordailu direla diote, baina memoria ofizialarena eta ez beti memoria sozialarena: «gerlariak, jarduera heroikoak izan dituzten norbanakoak... izan dira kale izenak jartzerakoan erabili diren irizpideak. Emakumeak ordea, historikoki ez dira arlo horretan sartu. Kontua beraz, irizpide horiek aldatzea da».
«Hernanin 80 plaza edo kaleren artean 6k dute emakume izena».
6 kalek dute emakume izena
Emakumeen lana jasotzean izan den hutsuneaz konziente dira, baina diote, gaur egun horrek ezin duela arrazoitu kaleei emakume izenik ez jartzea. Hernanin 80 plaza edo kale daude egun, eta horietatik 6k dute emakume izena; guztiak elizarekin lotuta: Agustindarren Plaza, Arantzazu Plaza, Ave Maria Parkea, Madalena Kalea, Santa Barbara bailara eta Zikuñagako Ama bailara. Gizonezkoen kasuan, 24 dira hauen izena daramakitenak; batzuk elizarekin lotura dute, baina ez guztiek, gizonezkoen kasuan, pertsonaia konkretuen izenak ere jarri izan baitira.
Nondik dator Andrekale?
Ez da erraza jakitea Andrekale izena nondik datorren, hainbat teoria daude. Kalearen izenaren eboluzioa honakoa izan da: Udal artxiboetako ageri batean jartzen duenez, 1896an Diputazioak gomendatu zuen kale izenak euskeraz eta erderaz jartzea, eta Andrekale izena omen zuen euskeraz eta Urumea gaztelaniaz. 1900 urtean, badirudi, Urumea izena jartzea adostu zela. Eta azkenik, 1917an Padre Cardaveraz jarri zitzaion; 1988an euskeratu eta Kardaberaz izena jarri zioten.
Udalari eskaera bideratua
Aipatutako hainbat arrazoi medio, Berdintasun Kontseiluak Udalari Andrekale izena berreskuratzea eskatu dio. Bi arrazoi nagusiak, hauek: «Andrekale izena ofizialki eta sozialki emana zegoela. Eta Andrekalek nahiz eta emakume kontretu bat ez goraipatu, emakumeen kolektiboa errekonozitzen duela».