Emakumea kirolari izeneko ekimena martxan jarri dute Astigarragan. Kirol desberdinak probatu eta praktikatu nahi dituzten emakume guztiei zuzendua da. Hilabetean behin, kirol desberdin bat egiteko aukera izango da. Maiatzean hasi ziren, patin edo irristaketa ikastaroarekin eta ekainean izango da hurrengo hitzordua: Kirol Eguna, kiroldegian. Horrez gain, piraguismo eta Kayak polo saioak ere antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Pixkanaka joango dira ekintza gehiago zehazten. Ekintza hauek, emakume guztiei irekiak dira.
Kirola egiteko gogoa
Arduradunek azaldu dutenez, ekimen hau, Lilatoian parte hartu zuten emakume taldetik sortu da eta Udalaren babesa du: «Lilatoian parte hartzeko, kiroldegiak entrenamendu gidatu batzuk antolatu zituen eta egunean bertan ere, beste emakume askok hartu zuten parte. Talde honi galdetu zitzaion zergatik hartu zuten parte eta gehienek erantzun zuten kirola egiteko aitzakia zela. Hori horrela, hilabetean behin ekintza desberdin bat antolatzea okurritu zitzaigun, kirol desberdinak ezagutu eta praktikatzeko».
Kirola taldean egiteko aukera ematea
Helburuen berri ematerakoan, Emakumea pilotari proiektua abiapuntu dutela azaldu dute: «Emakumeak kirolera gerturatzea; emakumeei kirola egiteko segurtasuna ematea; emakumeei kirol desberdinak erakustea; emakumeei kirola taldean egiteko aukera ematea; eta emakumeek kirol munduan bizipenak izatea».
Arnasaldi bat emateko
Egitasmoa, emakumeei zuzendua da bakarrik eta horren arrazoiak ere azaldu dituzte: «Emakume eta gizonek roll desberdinak dituzte gizartean. Emakumeari dagozkio amatasuna, goxotasuna, etxea, fintasuna, zaintza... eta gizonari, ausardia, indarra, segurtasuna... roll horietan oinarrituta estereotipatzen ditugu biak. Emakumeen eskubideen alde lan asko egin bada ere, oraindik badira buruan, inkontzientean gelditzen zaizkigun estereotipoak, eskemak, ohiturak eta ideiak. Beraz, emakumeak duen rollak zaildu egiten du emakumea plazaratzea. Kirola egitera ateratzea, seme-alabak norbaitekin uztea, etxeko lanak uztea... benetan esfortzua egin behar du emakumeak pauso hori emateko. Emakumeak baditu oraindik gainditu beharreko oztopoak. Horri bultzada emateko, aukera emateko jaio da proiektu hau. Emakumeari nahi duen kirolean lekua egiteko, aukera berdinak eskaintzeko eta arnasaldi bat emateko».
Zehaztutako ekintzak
Ekainak 20, ostirala
17:00-21:00, Astigarragako kiroldegian, Kirol Eguna.
Uztailak 19, larunbata
Pasaiako portuan piraguismoa.
Irailak 12/19, ostiralak
Astigarragako kiroldegiko igerilekuan, Kayak polo.