urte berean bi igoera lortzeko zorian da Borussia Hernani taldea. Hernaniko 14 gaztek osatzen dute ekipoa, eta DVk antolatzen duen Futbol 7 txapelketan lehian ari dira irailetik. Lagunartea eta kirola uztartzea izan da helburua hasiera hasieratik. Talde sendoa osatu dute, eta egindako lanaren fruituak jasotzen ari dira orain.
Hirugarren mailatik bigarrenera, abenduan
Irailean hasi zuten denboraldia, eta aurreneko faseak abendura arte iraun zuen. Talde berria izaki, hirugarren mailako taldeen kontra neurtu zituzten indarrak. Elkar ezagutu eta erritmoa hartzeko aproposak izan ziren hasierako hilabete haiek. Partiduz partidu taldearen izaera sendotu eta jokoa hobetuz joan zen, eta ordura arte lortutako emaitza onek abendu bukaeran izan zuten saria. Hirugarren mailatik bigarrenerako igoera lortu zuten.
Lehenengo maila, partidu batera
Bigarren mailan duen onena eman du Borussiak urtarriletik hona. Denboraldi osoan partidu bakarra galdu dute, orain arerio zuzena duten taldearen kontra. Sailkapeneko goi postuetan ibili dira bigarren fase guztian, eta joan den asteburuan, egun klabean, lidertza eskuratu zuten. Kobatours Bidaiak liderrak galdu egin zuen joan den astean Txingudi DJ taldearen kontra. Borussiak ez zuen aukera pasatzen utzi, eta lidertza kendu zion, puntu bat aurretik jarriz.
Asteburu honetan jokatuko da denboraldiko azken partidua, eta liderrak soilik lortu dezake zuzenean, lehenengo mailarako pasea. Borussiak bere esku du guztia: Txingudi DJ taldeari irabaztea da bidea. Asier Giraldo aritzen da entrenatzaile eta jokalari lanetan eta dio, final bat balitz bezala zelairatuko direla: «azkeneko partidua da, finala, eta dena ematera aterako gara; iritsi da denboraldia borobiltzeko garaia».
Zaleei deia
Usurbilen jokatuko da partidua, bihar, goizeko 11:00etan. Laguntza eta animo guztiak ongi etorriak izango direla eta, Borussia taldeko jokalariek dei berezia egin diete lagun, senitarteko eta herritarrei Usurbilera gerturatu eta animatzera: «jendearen laguntza eskertzekoa da».
Hiru koadrila, bat eginda
Borussian aritzen diren jokalarietako asko, 5 zehazki, lehendik ere elkarrekin aritutakoak dira Yone Boutique eta Horbel Taberna taldeetan. Asier Giraldo izan da modu batera edo bestera taldearen sortzaile eta sustatzaile, eta berak ondo definitzen du taldearen izaera: «adin berdineko koadrila bat baino gehiago daude herrian. Borussian hiru koadrila ezberdinetako gazteak aritzen gara, eta ni naiz guztien arteko pieza komuna. Bistaz-eta ezagutzen ziren, baina gutxi gehiago. Kasu honetan kirolak elkartu gaituela esan liteke, eta orain harreman ederra dugu geure artean, talde politta osatu dugu, lagun egin gara».
«Finantziazioa poltsikotik»
Diru iturria izan ohi da gisa honetako taldeen arazoetako bat. Patrozinatzailerik ez dutela ikusita, finantziazioa nondik lortu duten galdetu dio Kronikak Giraldori: «kirola egin nahi genuen eta modu batera edo bestera lehiatu. Behar zen dirua guk jartzea erabaki genuen, 100 euro inguru bakoitzak. Eta aparte, ekipamendua. Norbaitek lagundu nahi badigu, gogotik eskertuko genioke».
Taldea, irekia
Asteazkenetan, 21:00etan entrenatu ohi dute Zubipe ondoan dagoen futbol zelai txikian. Talde irekia dela dio Giraldok: «gu hasi gara, baina nahi duenak parte har dezake. Ateak zabalik ditugu». Orain arteko taldekideentzako hitzak ere, baditu Giraldok: «eskerrak eman nahi dizkiet guztiei, taldean sinesteagatik, asteazkenero entrenatzera etortzeagatik... plazer bat izan da zuekin aritzea».