Lasterketan apuntatu zarela ikusi dugu. Ze asmotan aterako zara aurten? Ereñotzuko aurrenekoa izaten berriz, denbora hobetzen...
Postua baino gehiago denbora hobetu eta nere buruarekin gustora geratzea da nere helburua. Hori eginda, berriz Ereñotzuko aurrenekoa banaiz, askoz hobe. Izan ere, sari polita da norbere herrian emaitza hori lortzea.
Ereñotzuko mendi lasterketa hasi zenetik, batean bakarrik failatu duzu. Ibilbidea aldatu egin zen iaz. Zein nahiago duzu? Zergatik?
Oraingoa, dudarik gabe. Aurreko karrera bide gehienean pistaz pista joaten zen eta orain denbora guztian mendiz zoaz. Parajea ere oso aldakorra da: orain gora, orain behera, arkaitzak... eta horrek bere xarma du. Gogorragoa da, baina aldi berean, motz xamarra da gainerako mendi karrerekin konparatuta eta horrek aukera ematen du asko ibiltzen ez direnei ere luzeegia ez egiteko.
Oso karrera polita eta tamainakoa dela iruditzen zait. Herrikoia. Ikusi besterik ez dago karrera aurretik eta egunean bertan ereñotzuarrek hartzen dituzten lanak.
Etxean izanda, berezia izango da, ezta?
Bai, oso. Ixkin guztietan jende ezagunaren animoak jasotzeak hanketako minak ahaztuarazten ditu. Zer esanik ez, aurreneko aldapan Larre-gainera iritsi eta aitona Pedroren oihuak entzuteak. Eta jendearen animoez aparte, asko ezagutzen ditudan bazterrak dira eta hori ere, plus bat da.
Eta Ereñotzukoa ez da bakarra. Aurreko astean bertan, Goizuetakoan hartu zenuen parte, maratoi erdian. Asko ibiltzen al zara mendi lasterketetan?
Aurten lau lasterketetan hartu dut parte eta normalean horrelako lasterketak izaten dira. Goizuetakoan, egia esan, oso gustora geratu nintzen, nahiz eta beheraka asko sufritu hanketatik.
Noiz eta nolatan hasi zinen?
Duela 3 urte. Ereñotzuko mendi lasterketa egitekoa zela eta, Adarrako igoeran atera nintzen probatzeagatik. Gustoa hartu diogu eta hemen gabiltza.
Ba al duzu lasterketa gehiago egiteko asmorik aurten?
Ereñotzukoa izaten dut urteko zita nagusia, baina besteren batzuk eroriko dira seguruena. Behin hasita, ezin geratu!
12 kilometroko ibilbidea, Urdaburu igoz
Ereñotzuko mendi lasterketa hurrengo igandean, ekainaren 1ean izango da. 12 km egin behar dituzte parte hartzaileek eta 832 metroko desnibela izango dute. Besteak beste, Urdaburuko tontorra igo beharko dute. Goizeko 10:30etan abiatuko dira Ereñotzuko plazatik. Sariak egongo dira lehenengo 3 emakumezkoentzat eta 3 gizonezkoentzat. Horrez gain, hainbat opari banatuko dituzte. Izen ematea zabalik dago www.kirolprobak.com eta Ibai-mendin (10 euro).
Umeentzako lasterketa
Aurtengo edizioan haurrentzako lasterketa ere izango da, kilometro batekoa (10:00). Adin tartea: 5 eta 11 urte. Ez da irabazleentzat saririk izango eta parte hartzaile guztiek opari bat izango dute.