Zer iruditzen zaizu horrelako ekintzak antolatzea?
Oso polita da. Modu bat da jendearengana hurbiltzeko, eta elkarren artean gehiago ezagutzeko. Kanpotik etorritakoak eta bertakoak bilduko gara, eta aukera izango dugu bakoitzak besteen tradizioak ezagutzeko. Eta horretarako, zer hobe janaria baino! Gainera, jaioterritik hain urruti egonda, horrelako gauzek hunkitu egiten gaituzte. Honduraseko bandera ikusi edo ereserkia entzute hutsak emozionatu egiten nau.
Parte hartuko duzu Aniztasunaren Astean?
Bai, Honduraseko plater tipiko bat prestatuko dut, Catrachita izena duena. Prestatzeko oso erraza da. Talo moduko bat frijitzen da, eta babarrunez egindako pure batekin estali. Ondoren, gazta botatzen zaio gainetik. Espero dut jendeari gustatzea.
Zergatik etorri zinen Astigarragara?
Lehendabizi lagun batzuk etorri ziren, eztei-bidaian. Asko gustatu zitzaien, eta ez ziren itzuli. Eta bueltatzen ez zirenez, haiekin harremanetan jarri ginen, eta kontatu ziguten nolakoa zen egoera hemen, zein aukera zeuden… Garai hartan, nire senarra lanik gabe geratu zen, eta zorrak genituen. Horregatik, etortzea erabaki zuen, lan bila. Bi hilabete beranduago etorri nintzen ni. Hasieran ez nuen nahi, nire alaba eta lana nituelako han. Baina azkenean konbentzitu egin ninduen.
Eta zer topatu zenuten hemen?
Hasieran zaila izan zen. Logela bakar batean bizitu ginen urte eta erdian, Egian. Gainera, haurdun geratu nintzen, eta hemen izan nuen bigarren alaba. Eta konplikatua izan zen, baina pixkanaka egokitzen joan ginen, paperak egitea lortu genuen, eta senarrak lana aurkitu zuen. Astigarragara mugitu ginen, eta hobera egin zuen gure egoerak. Zortea izan genuen, jende oso onarekin egin genuelako topo, beti laguntzeko prest zegoen jendea.
Garai zailenak pasata daude?
Bai, orain biok ari gara lanean. Senarrak kontratu mugagabea du iaztik, garbiketa enpresa batean. Eta ni etxeetan aritzen naiz, haurrak zainduz eta garbiketa egiten. Gainera, alaba zaharrena Hondurasetik hona ekartzea lortu genuen. Bi alabak ez zuten elkar ezagutzen, eta orain ezin dira bizi bata bestea gabe. Oso ondo egokitu zen bertako bizimodura, eta euskeraz ere bikain egiten du.
Nola hartu zintuzten?
Lehenengo egunetan, sentitzen duzu lekuz kanpo zaudela. Baina pixkanaka, jendea zu ikusteaz ohitzen da. Eta dagoeneko herri guztiak ezagutzen gaitu. Hemen ez naiz inoiz baztertuta sentitu kanpotarra izateagatik.
Merezi izan zuen etortzeak?
Bai, zalantzarik gabe. Gure lanari esker, lortu dugu aurrera atera eta familiari laguntzea. Asko botatzen dut faltan jaioterria eta familia, eta batzuetan gogorra egiten da hain urruti egotea. Baina horrelako sakrifizioak egin behar dira etorkizun hobe bat izateko.