Azaroan eguraldi txarra egiten duela-eta, Erdi Aroko artisau azoka udaberrian jartzea erabaki du Hernani Errotzenek.
Atzo jarri zituzten 65 postu inguru Plazan, Plaza Berrin eta Tilosetan, eta bihar arte egongo dira zabalik, 11:00etatik 14:30etara eta 17:00etatik 22:30ak ingurura.
Gastronomia, artisautza eta ume jolasak
Kaxkoan zehar jarritako postuetan artisau produktuak eta jakiak egongo dira. Horien artean, adibidez, olagarro denda edota te etxea, Plaza Berrin. Bertan jateko eta etxera eramateko aukera izango da.
Horrez gain, umeentzat txoko berezia prestatu da Plazan. Bertan, Erdi Aroko jolasak jarriko dituzte, nahi duenak tarte on bat pasa dezan.