Tokiko Gobernu Batzordea izan zen atzo eta, beste hainbat gairen artean onartu zen (aho batez), enpresa bat kontratatzeko lehiaketa abiatzea, udal zergen jarraipena edo ikuskaritza egiteko. Ekonomi Jardueren gaineko zerga eta eraikuntza proiektuen gaineko zergak ondo kobratzen diren ikusi beharko du enpresa horrek. Beti ere, Udaleko Kontuhartzailearen jarraipen zorrotzarekin. Kontratuaren balioa ezagutzea ezinezkoa dela azaldu dute: «Izan ere, Udalak ordainduko luke, enpresa horrek abiatzen duen ikerketa bakoitzeko eta horietan detektatutako iruzurraren ondorioz udalak berreskuratuko lukeen diruaren arabera. Hau da, Udalak iruzurraren eraginez lortu ez dituen, baina berari dagozkion, diru sarreren ehuneko bat jasoko du enpresak».
Iruzurra egon daitekeen susmoa
Gobernu Taldeak prozedura hau abiatzea erabaki du Ogasun eta Kontuhartzaile sailean susmoa dagoelako bi zerga horien kobraketan iruzurrak gertatu daitezkeela. Eta gaineratu du: «Legegintzaldi hasieratik iruzur fiskalari aurre egiteko jarrera irmoa izan du Gobernu Taldeak, Udalari iruzurra egiten dioenak herri guztiari eta bereziki zergak behar bezala ordaintzen dituzten herritar guztiei iruzur egiten dielako. Ekimen hau iruzur fiskalaren aurkako borrokan beste pauso bat da».
Justizia soziala lortzeko bidean, aurrerapausoa dela ere nabarmendu dute: «Astigarraga herri denetik, bere eskumena izan da udal zergak ikuskaritzea, baina gaur arte, ez da martxan jarri. Neurri honi esker, Udalak diru-sarrerak areagotuko ditu eta justizia sozialean eta aberastasunaren banaketa justuagoan aurrerapauso garrantzitsu bat emango du».