San Migel iritsiko da bihar Arano eta Goizuetara

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 24a, 02:00

Aralarko San Migel Ainge­ruaren irudia Nafarroako he­rrie­tan barrena dabil eta bihar iritsiko da Arano eta Goizue­tara. Eguerdiko 12:00ak aldera iritsiko da Aranoko herri sarrerara. Apaiza eta herritarrak zain izanen ditu, gurutzearekin. Harrera egin ostean, elizarako bidea eginen dute eta ondoren, meza izanen da, 12:30ak aldera. 
Meza bukatuta, garai batean bezala, gaixo dauden baserritarrengana joanen dira, horiek ere santua adoratu dezaten. Arratsaldean, errosarioa eginen dute eta bukatzeko, herriko lurrak bedeinkatuko dituzte. Ondo­ren, Goizuetarako bidea eginen du San Migelek. Arratsaldeko 18:00ak aldera iritsiko dira eta astelehenean jarraituko dio bere bideari.


Kanpaiak, Anttonio Ezeizaren eskutik
San Migelen etorreran modu berezian jotzen dira kanpaiak. Prozesioak egiten zirenean be­zala jotzen da edota Letari bidea egiten zenean bezala. San Migel elizara iritsi bitartean jotzen da eta baita despedidan ere. Ardura hori, Anttonio Ezeiza aranoarrak du. 35 bat urte badira berak jotzen dituela kanpaiak, txikitan ikasi zuen bezala.

Asko aldatu
Esther Legarreta aranoarrak ur­te­ro jarraitu izan du San Migelen etorrera eta bera txikia zenetik orain arte, asko aldatu direla gauzak azaldu dio Kro­ni­kari: “Garai batean oinez, astoan etor­tzen ziren Leitzatik. Mugan egoten zen zain apaiza eta jendea. Orain, kotxez etortzen dira. Or­du­an, gainera, larunbatean etor­tzen zen San Migel eta igandean joaten zen. San Roke ermitatik barrena sartzen zen he­rrian eta jende asko egoten zen hura adoratzen. Herrian elkartzeko egun bat zen, eta umeak guapo guapo janzten ziren. Izan ere, batzuk ia egun horretan bakarrik atera­tzen ziren baserritik. Ain­geruz ere janzten ziren ume batzuk eta loreak eskaintzen zituzten”. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!