Ekainaren 8a gainean dago ia. Egun horretan, Gure Esku Dago ekimenak antolatuta giza-katea egingo da Durangotik Iruñeara, eta hernaniarrek 600 metro egingo dituzte, Etxarrenen. Bertara joateko autobus txarelak salgai daude.
Bestalde, ekainaren 1ean jai haundi bat antolatu dute Galarretako frontoian, herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Autobus txartelak Kale Nagusian eta Ereñotzun
Etxarrenera joateko autobus zerbitzu bat baino gehiago izango da, eta antolatzaileek hauek erabiltzeko gomendioa egin dute, hauei emango baitzaie lehentasuna ekainaren 8an Etxarrenen.
Hernanitik eta Ereñotzutik autobusak aterako dira goizean. Itzultzeko, berriz, bi ordutegi egongo dira; 13:00ean, giza-katea bukatu eta berehala, eta 19:00ak aldera. Izan ere, giza-katearen ondoren festa izango da Arbizun, eta autobus batzuk bertara joango dira.
Txartelak erosteko epea ekainaren 2ra artekoa izango da Hernaniko Kale Nagusian Gure Esku Dagok duen lokalean edo Ereñotzuko Irrintzi tabernan. 0-3 urtekoentzat doan izango da; 4-15 urte artekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte; eta 16 urtetik gorakoek, 10.
Metroak erosteko aukera
Giza-katerako Hernanin 600 metro saltzea aurreikusi zuten antolatzaileek, eta dagoeneko saldu dira. Hala ere, jakinarazi dute metro gehiago erosteko aukera izango dela oraindik, lokalean edo hainbat dendatan: Oa, Kide, Lurreko, Gunea...