«EAJrentzat Europa beti izan da herrien proiektu bat, Estatuen proiektu bat baino gehiago»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 22a, 02:00

Hernaniko EAJ alderdiaren helburua da karguren bat duten politikariek eta herritarrek elkarren berri izatea.

Xabier Ezeizabarrena Txirrita kaleko batzokian izan zen ostegunean. Gipuzkoako ordezkaria izango da Europako Hautes­kundeetan, eta  dituen asmoak azaldu eta herritarren kexa eta beharrak entzuteko gogoz etorri zen. Hernaniko EAJ al­derdiak hitzaldiak antolatzeko pausua eman du azken asteetan, eta horren harira izan da Ezeizabarrena Hernanin. An­doni Amonarraizen esanetan, asmoa da instituzio ezberdinetan kargua duten politikariek eta herritarrek elkar ezagutu eta iritziak elkarbanatzea.

«Agirre Lehendakariak eta inguruko politikoek aktiboki hartu zuten parte Europar Batasunaren proiektuan».

«Politika egiteko bidea hau da»
Batzarkide, parlamentari, senadore, sailburu edo bestelako karguren bat duten politikariak Hernanira ekartzea da EAJren helburua: «politika egiteko bidea hori dela uste dugu; herritarrek esateko dutena en­tzuna izatea nahi dute. Eta bestalde, politikariek egiten duten lana eta dituzten asmoak azal­tzeko aukera izaten dute».

«Herritarrak geroz eta gehiago gerturatzen dira politikoengana»
Ostegunean Xabier Ezeiza­ba­rrenarekin elkartu ziren herritarrek egindako galderen artean zeuden: atez atekoaren etorkizuna, herritarren partehartzea, langabezia eta gizarte zerbitzuak. Hernaniko EAJk dio, jendea geroz eta gehiago gerturatzen dela politikoengana: «konturatu gara jendea beldurra galtzen ari dela, eta hori oso positibo baloratu behar da; esperientzia aberasgarria da guztiontzat».

«Euskadin jaio eta Europako sorreran hasieratik parte hartu duten alderdien ahotsa entzun behar da Europako Parlamentuan».

«Europan hartzen diren erabakiek eragina dute»
Ezeizabarrenak emandako azalpenen inguruan, bi ondorio garbi atera daitezkeela dio EAJk: «batetik azpimarratu, 1950 urtean Agirre Lehen­dakariak  eta honen inguruko politikariek aktiboki hartzen zutela parte Europar Bata­sunaren inguruko proiektuan. EAJ alderdiarentzat Europa beti izan da herrien proiektu bat, estatuen proiektu bat baino gehiago. Eta bestetik gogoratu,
Ezeizabarrenak Europan har­tzen diren erabakiei emandako garrantzia. Honen esanetan, bertan erabakitzen denak eragin zuzena du herritarren eguneroko bizitzan».

Euskadin sortutako alderdien ahotsa entzun behar da Europan
Azken gogoeta gisa, EAJk dio, Euskadik, Estatu gabeko herria izaki, ahots bat behar duela Eu­ropan: «Euskadin jaiotako al­der­dien ahotsa entzun behar da, Eu­ropako sorreran hasieratik parte hartu duten alderdien ahotsa»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!