Josu Juaristi Abaunz da EH Bildu alderdiko hautagai nagusia, Europako Parlamentuan eurodiputatu izateko. 751 diputaturentzako dago tokia, eta Espainiako Estatuak horietatik 54 beteko ditu. Juaristik dio «bat ateratzea ondo egongo litzatekeela. Batekin hasi eta bost urte barru ikusiko dugu. EH Bildurentzat lehenengo aldia izango da, eta hauteskundeak zailak dira».
Maiatzaren 25ean egingo dira Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta Juaristik Kronikari azaldu dio zein diren EH Bilduren proposamenak, eta zer lortu nahi duen Europara iritsiz gero.
Europar Batasuna erreformatu beharrean, eraldatzearen aldekoak zaretela diozue.
Kritika erradikala egiten diogu integrazio europarraren ereduari. Troikari ez esaten diogu, eta bai, herrien eskubideei. Borroka egin behar dugu. Europa ere gure borroka eremua da justizia soziala bultzatzeko, egunen batean herri bezala erabakitzeko moduan gaudenean erabaki ahal izateko non egon nahi dugun. Ezkerraren erantzukizuna ere bada eraldatzea. Beste Europa bat aldarrikatzea. Egungo eredua ez dugu nahi.
«Bere buruaren jabe egin nahi duen herriaren eskubideak bermatu beharko lituzke Europar Batasunak».
Justizia soziala eta burujabe izatea aipatu dituzu, eta horiek dira zuen programako beste bi ardatzak. Nola landuko dituzue?
Bere buruaren jabe egin nahi duen herriaren eskubideak bermatu beharko lituzke Europar Batasunak. Gehiengoak erabakitzen badu, Europar Batasunak bermatu beharko luke Estatu berri bat. Eskozia egitera doa, eta Kataluniak sortu ditu baldintzak. Ez da utopia; egin daiteke. Baina begi bistakoa da Britainia Handiko gobernuak eta espainiarrak erakutsi dutena; zenbat Europa dauden, ikuspegi demokratikotik begiratuta.
Justizia soziala, berriz, erreza da ulertzen. Oraingo Europan merkatuei bakarrik begiratzen zaie, eta gure eredua pretsonak dira: hezkuntza, osasungintza, pentsioak... Guztia desmantelatzen ari dira. Krisia herritarrek ordaintzen dute.
Baina lortu al daiteke Europak edota Troikak markatutako neurri horiei aurre egitea?
Argi dago espainiar faktoreak arrastaka garamatza. Troikaren bidea aplikatzen da, eta hemen, Barcinak eta Urkulluk egiten dute Troikak batetik, eta Madrilek, bestetik, esaten dutena. Horregatik, guk burujabe izan nahi dugu. Gure eredu sozioekonomikoa nahi dugu, eta Euskal Estatua eraiki; eraldaketa soziala eta askapen nazionala lotuta ikusten ditugu. Beste eredu sozioekonomiko bat nahi dugu; tokiko garapena era integral batean egin, eta bertan erabaki. Europak marko orokorra jar dezala, denentzako jartzen diren oinarriak bakarrik, eta listo.
«Gure eredu sozioekonomikoa nahi dugu, eta Euskal Estatua eraiki; eraldaketa soziala eta askapen nazionala lotuta ikusten ditugu».
Burujabetzaren alde nazioen arteko aliantza proposatu duzue; batzuk batu dira, eta besteak ez...
Gure subjektua Euskal Herria da. Baina erabakitze eskubidearen aldetik, momentu garrantzitsuan gaude. Eskoziak irailean erabakiko du zer egin, eta Kataluniak sortu ditu baldintzak. Herrien defentsa kolektiboa egiteko momentu ona da. Galiziako BNGrekin, Asturiasekin, Aragoirekin eta Kanariarretako ezkerreko batzuekin lortu dugu batzea. Kataluniarekin ez. Izan ere, ERCk Katalunia lehenetsi du, eta CUP ez dago horretan, orain. Baina ideien aldetik konexio haundia dugu eta elkartasunerako babes osoa eman digute.
Hau guztia lortzeko, botoak behar dira, baina bai Hernanin, eta baita orokorrean ere, behera egiten ari da Europako hauteskundeetan bozkatzen dutenen kopurua. Nola konbentzituko zenituzke?
Gure etorkizuna erabakitzeko oso inportanteak dira hauteskunde hauek. Palanka moduko bat egiteko balio dezakete gure eskubideak lortzeko. Eta baita konponbide eta bake prozesua bultzatzeko ere. Hori izango da gure beste egiteko bat. Europan badakite alde batek zein erabaki hartu dituen eta zein urrats eman dituen. Aurrera egiteko ateak irekita daude. Baina Espainiako Estatuak ez du ezer egiten, eta Europatik esaten diote mugitzeko.