LOMCE Sutara plataformak bat egin du Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Bizkaiko beste plataforma batzuekin Hezkuntza Sistema aldatu nahi duen LOMCE legearen aurka egiteko.
Gaur bertan hasiko da kanpaina, Urbieta kalean, ferian, egingo den firma bilketarekin. San Joanak arte bilduko dituzte sinadurak Biterin, kalean eta kanpainari lotutako kartelak dituzten denda edo tabernetan.
«Hernani LOMCErik gabeko herri izendatzea nahi dugu»
Hamaika arrazoi eman ditu LOMCE Sutara plataformak Wert Espainiako Hezkuntza ministroak bultzatutako legearen kontra egiteko: «Hezkuntza komunitate osoak legearen kontra egin dugu, eskola inklusiboa baztertzen duelako, autoritarioa eta segregatzailea delako, euskara eta euskal kultura heriotzera kondenatzen dituelako, ikasleen berezitasunen errealitatetik urrun dagoen hezkuntza inposatu nahi duelako, sistema merkantilista baten beharrei erantzuten dielako, eta abar luze bat».