Urteroko ikastolako jaialdia ospatuko du Urumea ikastolak igande honetan, hilak 25, eta bertan, ikastolaren mende erdiko ibilbidea ospatuko dute.
Orain arteko jaialdietako emanaldi berezi batzuk ekarriko dituzte gogora, eta ikasleek egindako bertsoak ere abestuko dituzte, ikastolaren bilakaeraren berri emateko eta sortzaileei eskerrak emateko.
‘Iturri zaharreko ur berriak’
Izen hori jarri diote jaialdiari, hain zuzen, Urumea ikastolaren 50garren urteurrena ospatu nahi dutelako. Goizeko 10:30etan haur eta lehen hezkuntzako haurrek emanaldia eskainiko dute, eta bertan bertsoak eta Bizirik gaudelako kantu berezia kantatuko dituzte «duela 50 urte guraso talde batek beren seme-alabek euskeraz ikasteko aukeraren alde egindako apustua» eskertzeko.
Bazkaria bertan egingo da, baina etxetik ere eraman ahal izango da.
12:00etatik aurrera, ekintza gehiago izango dira: magoa, ikasleen lanen erakusketa, 50 urteen inguruko proiekzioa, puzgarriak, diskofesta, apar festa, zezen-mekanikoa...