Berria Txapelketa aurrera dijoa, eta talde asko dira beren bikoteren bat galdu dutenak. Amurriok ez ordea, eta gaur Hernanin hiru bikoteak ekarriko ditu. Andoaingo Gaztelekuren kontra jokatuko du kadeteetan, eta Doneztebeko Errekaren kontra jubenil eta seniorretan. Pelotari gazteak baina goi mailakoak jokatzen dute Berria Txapelketa, eta aukera polita izaten da kimu berriak ikusteko, etorkizuneko goi mailako pelotariak.
Amurriok hiru partidu zail
Orain arte bikoterik galdu gabe dago Amurrio, baina gaur hiru partiduetan kontrarioak dira faborito. Kadeteetan Oiarbide eta Aizpuru andoaidarrak, Gazteleku taldekoak dira Gipuzkoako txapeldunordeak. Amurrioko atzelaria, Eizagirre ere, ordea, Arabako txapelduna da, eta Albizurirekin batera sorpresa ematera aterako dira.
Jubeniletan Doneztebeko Erreka taldeak bikote oso ona dauka. Bakaikoa da GRAVNIko txapeldunordea eta Medina berriz garantia bat; beraiek aterako dira faborito. Hala ere, ezin dute lasaitu, Arabako bikoteak ere maila latza daukalako; Landaluze da Arabako txapeldunordea eta Arregi berriz, atzelaririk onena.
Nagusietan partidu oraindik parekatuagoa espero da. Nafarrek Onsalo beteranoa daukate, aurreko koadroetan erreferentzia izan zena orain dela urte batzuk. Gorriti berriz, GRAVNIko txapeldunordea da. Amurrioko bikoteak urte gutxiago dauzka, baina oso etorkizun oparoa. Dorronsoro eta Legarreta partidu gogor hauetan nerbioso jarri litezke, baina Dorronsorok pixka bat asmatzen badu, ikusgarria izan liteke lehia, aurreko koadroetan.