«Plazak San Joanetan duen garrantzia azaldu nahi izan dut kartelean»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 18a, 02:00

Elixabet Aduriz hernaniar gazteak irabazi du San Joan jaiak iragartzeko kartel lehiaketa. 
Txikitatik barru barrutik bizi ditu San Joanak eta egindako lana herrian saritua ikusteak ilusio haundia egin diola aitortu dio Kronikari.

Maiatza aurrera dijoa eta azken asteetan sumatzen da mugimendua herrian. San Joan jaiak antolatzen hasiak dira herriko talde eta eragileak: bilerak, entsaioak, egitaraua… Festak iragartzeko Kartel Lehiaketa antolatzen du urtero Udalak, eta 2014ko edizioak hernaniar baten eskua izango du atzean: Elixabet Aduriz. Gaztea da, San Joanak egunez bizitzetik gauez bizitzerako pausua eman duen herritar bat gehiago bezala definitzen du bere burua. Barru barrutik bizi ditu, betidanik, eta hori eraku­tsi nahi izan du 2014ko San Joan Jaiak iragartzeko diseinatu duen kartelean.

Gudarien Plaza, festetako  eszenatoki 
Zerekin lotzen dituzu zuk San Joanak? Galdera herritarrei luzatuz gero, erantzun asko jasoko genituzke; gustu adina leku eta ekintza. Elixabet Adurizek ordea, argi du: Gudarien Plaza. 
San Joan jaietako eszenatoki nagusi gisa aurkezten du Elixabet Adurizek plaza kartelean. Argazki bat erabili du horretarako,  Photoshop diseinu programarekin bere gustura egokitu eta moldatu duena. Beste bi elementu ere konbinatu ditu. Sua da horietako bat. Elixa­betek ez du Plaza erdian jarri, San Joanetan ikustera ohituta gauden moduan. Udaletxe gainean irudikatu du sua, gainerako elementuetatik berezi eta indar haundiagoa eman nahian. Naranja da karteleko kolore nagusia, suaren kolorea. Eta azkenik Akelarrea; Her­nanik hain berean duen ekitaldia. Illustrator diseinu programa erabili du, Akelarreko irudiari poster edo marrazki itxura eman, eta gainerako elementuekin batzeko. 

Diseinua, etorkizuneko ofizioa
Diseinu ikasketak burutzen ari da Elixabet Aduriz azken urtean, eta ikasteaz aparte, praktikatzeari  ere garrantzia ematen diola aitortu du: «teoriaz aparte, ikasitako hori lantzea garrantzi­tsua da. Irakasleek asko animatzen gaituzte halako lehiaketetan parte hartzera»
Harrituta eta ilusio haundiarekin hartu zuen Adurizek berri ona zekarren telefono deia: «lehendik ere aurkeztu izan nahiz halako lehiaketerara, baina ez dut sekula irabazi. Sari honek ordea, ilusio berezia eman dit, Hernanin eman baitidate saria, nire herriko festekin lotura duen kartelagatik»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!