Asteazkenean aurkeztu zuen Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak 7 Amets Gourmet egitasmoa. Aurkezpenean izan ziren Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko presidentea, Mikel Ubarrechena; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordea, Bittor Oroz; eta egitasmoan parte hartzen ari diren 7 jatetxeetako sukaldariak, tartean, Ixak Salaberria, Fagollaga jatetxekoa.
Ubarrechenak eta Orozek azaldu bezala, egitasmoa sortu da HAZI fundazioarekin egindako KALITATEA elkarlanerako akordioaren barruan, eta helburua da «bertako produktuen merkaturatzea bultzatzea». Horixe da, hain zuzen, 7 Amets Gourmet egitasmoarekin Gipuzkoako 7 jatetxe hauek hartutako «konpromisoa».
Bertako produktuen aldeko konpromisoa
Aurkezpenean azaldutakoaren arabera, egitasmo honen asmoa da «baserritar eta arrantzaleen lana errekonozitzea, eta hauen lanarekiko eta kalitatearekiko konpromisoa hartzea».
Horrexegatik, 7 jatetxe hauek menu berezi batzuk osatu dituzte, bertako, kalitatezko eta denboraldiko produktuak erabilita. Banketeetarako, eta orokorrean, talde haundietarako menuak dira, baina «berehala eguneko menu eta karta normaletara gehituko dira produktu hauek, Eusko Labela duten produktuak eta produktu ekologikoak oso ondo egokitzen baitira gure sukaldaritzara».
Era berean, aurkezpena aprobetxatu zuten bertako, kalitatezko eta denboraldiko produktu bat goraipatzeko: antxoak. «Kontsumorako guztiz segurua eta oso osasungarria» dela azpimarratu zuten, anisakiaren inguruan sortutako kezka uxatzeko.
Oraingoz, 7 jatetxe
7 Amets Gourmet egitasmoan parte hartzen ari diren jatetxeak zazpi dira, oraingoz; Gipuzkoakoak denak. Hernaniko Fagollaga jatetxea, Azkoitiako Joseba, Hondarribiko Alameda, Itziarko Salegi, Bergarako Lasa, Donostiako Branka eta Ordiziako Martinez.
Etorkizunean gehiago ere izango direla ziurtatu zuten: «munduko sukaldaritza onenetakoa eta munduko elikagai onenak elkartu ditugu, eta horrek oso sinergia ona sortu du. Gantxo bat izango da jatetxe gehiagorentzako».
Salaberria pozik, parte hartzeagatik
Hernaniko Fagollaga jatetxea da egitasmoan parte hartuko duenetako bat. Bertako sukaldariak, Ixak Salaberriak aipatu zuen «proiektuan parte hartzeagatik pozik» dagoela. «Gauzak ez dira errazak orain inorentzat, eta edozein babes da ona. Askotan kanpora begira egoten gara, baina oso gauza bereziak egin daitezke hemengo produktuekin ere, eta horrek poxa ematen du».
Fagollagan dagoeneko eskatu daiteke euskal produktuekin osatutako menua. «Oso pozik gaude bertako produktuei, Kalitatearen Q-a dutenei babesa eman ahal izateagatik. Bertako produktua erabiltzea asko interesatzen zaigu, kalitatezkoa baita. Ez dakit faborea nork egiten dion nori!».
FAGOLLAGA JATETXEA IXAK SALABERRIA
Hasierakoak:
-Eusko Labela duen euskal tomatearen freskagarria Idiazabal kremarekin.
-Gernikako piperren tenpura.
Jarraitzeko:
-Eusko Labela duten baserriko arrautzak, Arabako patata eta urdaiazpiko iberikoarekin.
-Tenperatura bajuan gereziekin melatutako Kantabrikoko hegalabur gorria eta salda begetala.
-Legatza Arabako Errioxako oliba olio zoparekin eta Ibarrako piperrekin.
-Baserrikoa den txerri harrapakina humus eta eltzeko saldarekin.
Postrea:
-Herrialdeko sagardo biscuit-a txokolate pikante eta intxaur galletarekin.
-Eusko Labela duen ezti izozkia txokolate hondar eta zukuarekin.
Edariak:
Arabar Errioxako ardo beltza.
Txakolina.
Sagardoa.