«Trinketeko Gipuzkoako txapela eskuratu nahiko nuke datorren urtean»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 18a, 02:00

GRAVNI Pala Txapelketako 3garren txapela irabazi berri du Goiatz Manzisidorrek Maider Mendizabalekin batera, ezker paretan. Denboraldia bukatzeko emaitza borobila. Datorren urterako, berriz, trinketea du buruan.

Urtero 7 txapelketa inguru jokatzen dituzte Hernaniko palistek. Tartean, GRAVNI Txa­pelketa garrantzitsua. Aurten, Goiatz Manzisidorrek eskuratu du txapela, ezker pareta edo frontoian, Maider Mendizabal Su Berri klubeko palistarekin bikotea osatuta. Hirugarren aldia da Manzisidorrek txapel hau lortzen duela.
Orain, denboraldia ia bu­katuta, deskantsatzeko den­bora hartuko du udaran. Da­torren urteari begira, indarrak hartuko ditu, «trinketean txa­pelen bat eskuratzeak ilusioa» egingo liokeela eta, helburu hori lortzeko. 

GRAVNI Txapelketako ezker paretako txapela irabazita, pozik? Asko kostatakoa izan al da?
Finalerdira iristeko ekipoa begenuen. Baina hori irabaztea kosta egin zitzaigun! Nafarren kontra aritzea tokatu zitzai­gun, eta dudarik gabe, beraiek ziren faborito. Bikote zailena beraiena zen. Kontua da atzelariak ez duela txapelketa osoa jokatu, min hartuta eta, egon delako. Hala ere, juxtu-juxtu irabazi genuen, 30-28, eta ia partidu osoa atzetik ibilita.
Finalean, berriz, arabarren kontra aritu ginen, eta kasu honetan, hobeto. Nafarren ondoren, gipuzkoarrak ginen txapelketako faborito, eta finalean aurretik ibili ginen denbora guztian. 30-23 irabazi genuen.

Aurten lehenengo aldiz Iparraldea ere sartu da txapelketan. Horrek lana zaildu al dizue?
Frontoiean ez dira sartu, trin­ketean aritu dira, eta eskerrak! Dudarik gabe, beraiek ziren faborito, eta ia dena irabazi dute: jubeniletan eta sub22 mailan nagusi izan dira, eta seniorretan ez dute irabazi, baina kasualitatez! Jubeni­le­tan Maider Huizi eta Ariane Arrieta hernaniarrei irabazi zieten, eta sub22an, Miren Goi­koetxea eta Amaia Irazusta­barrenari.


Maila ona dago Hernanin, eta etorkizuna ziurtatuta!
Orain gazte asko dago bai. Egon zen batxe bat, baina orain jende asko dago. Amaia Irazus­ta­ba­rre­naren adinaren bueltan, 20, 19 edo 18 urteko neskak badau­de, oso ondo jolasten dutenak. Kadeteetan ere entrenatzen ibi­li, ibiltzen dira. Zein mailatan ez dakit, baina ibiltzen dira: Huizi, Arrieta... oso ondo ibil­tzen dira. Gure garaian jende gu­txiago ginen. Garbiñe Tijerok nolabait altxa du taldea. Kaña sartu du! Izan ere, palan joka­tzeko afizioa eta maila behar dituzu; dena galduz gero, desa­nimatu egiten zara. Gustatu ere egin behar zaizu: astebururo partiduak, kanpora ikastera joanez gero en­tre­na­tze­ko zail­tasunak... Adin bat ere izaten da parran­dak na­hiago ditu­zuna... Ni 7 ur­te inguru nituela hasi nintzen; 14-15 urterekin fede­ratu, eta orain 33 ditut! Txa­pelketa eta partidu asko... Hala ere, aurten lasaiago hartu dut urtea. Gazteagoa zarenean gus­tora aritzen zara, baina orain!

Urte hauetan guztietan irabazitako txapelen artean, baduzu faboritorik?
Ilusio haundiena egin zida­netako bat izan zen frontoian Euskal Herrikoa irabazi nuene­koa. Amaia Martinezekin joka­tu nuen orduan, eta oraingo biko­tearen kontra, Maider Mendi­zabalen kontra irabazi genuen.

Bikoteak askotan aldatzen dituzue?
Maiderrekin ez dut urtean zehar jokatzen, bera Su Berri­koa delako. Hernaniko klube­an ere nahastuta ibiltzen gara, frontoian, trinketean, eta par­tidu bakoitzean batekin edo bestearekin. Bat kanpoan da­go­ela, besteak egun ho­rretan ezin duela jokatu... Ez gara honetaz bizi! Gero, Ema­kume Pilotari txapelketan, adi­bi­dez, klub guz­tiak nahastuta joka­tzen dugu, batere entre­natu gabe, eta txa­pelketak aurrera egin ahala moldatzen joaten gara. Orain­txe hasiko da txa­pelketa hau eta Euskal Herriko trin­ketean Hernaniko talde bat atera da, eta moldatu daiteke. Ez dakit zehazki zein aterako diren, baina gerra emango dute! 

Eta Goiatz Manzisidorrek, zein helburu ditu? 
Trinketean txapelen bat ira­baztea ondo legoke. Aurten Gi­puzkoako finalean egon ginen, baina ez genuen egun onena izan. Datorren urtean horixe eskuratu nahiko nuke, eta behin jarrita, Euskadikoa ira­baztea ikaragarria litzateke!

Trinketea ala frontoia nahiago?
Frontoia da jo eta jo eta jo. Trinketeak beste xarma bat du neretzat, nahiago dut. Posi­zioa, berriz, frontoian aurrelari nahiago, baina trinketean ez! Azkarregi etortzen da pelota! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!