Goizuetako lehenengo mendi lasterketa gaur izanen da. Goizeko 09:00etan hasiko da plazatik eta 21,5 km-ko ibilbidea izanen dute aurretik parte hartzaileek; hau da, maratoi erdi bat. Ehundik gora korrikalari ibiliko dira, nor baino nor.
Dortsalak 08:00etatik aurrera jasotzeko aukera izanen da, Umore Ona elkartean.
Mandoegi, ikusteko aproposa
Ibilbidea, Goizuetako plazan (154 m) hasiko da. Xenda eta pisten bitartez, igoera luze eta gorabeheratsua izanen da Mandoegiko tontorrera iritsi arte (1.045 m). Bederatzigarren kilometroan izanen da hori. Ondoren, Mandoegiko gailurretik jarraituko du ibilbideak, Errekalkora eginez, eta bukatzeko, herriko plazara jaitsiko da berriz. Azken bi kilometroak nahiko lauak dira. Desnibela 1.500 metrokoa da.
Antolatzaileen arabera, ikusteko leku ederra izanen da Mandoegiko tontorra. Bailara batetik nola igotzen diren eta bestetik nola jaitsi ikusteko aukera izanen baita. Errekalko ere leku ona izanen da.
Hamaiketakoa, ondoren
Sari banaketa, lasterketa bukatutakoan eginen da. Eta sari banaketa egiten den bitartean, hamaiketakoa izanen da; irekia. Parte hartzaile guztiek opariak izanen dituzte eta antolakuntzak lortzen dituen beste opari batzuk ere zozketatuko dira.