Bidebitarten, babes ofizialeko etxeen atzean, 4x4 erakustaldia izango da, maiatzaren 31n. Eta lurra dagoeneko prest dago. Eskabadorarekin aurreko larunbatean egin zituzten zuloak. «Gutxi gorabehera, 50 metroko luzeran, zulo desberdinak egin dira, altuera desberdinekoak. Zulo batzuetan kotxe osoa sartzen da. Horrelako probetan zulo batzuetan ura ere botatzen da, baina Astigarragakoan ez dugu botako baratza lurrak direlako, eta kotxeak ezin atera geratuko liratekeelako», dio Iñigo Betelu antolatzaileak.
Iaz antolatu zuen aurreneko aldiz 4x4 erakustaldia Beteluk, Oztopo Racing taldearen izenean, eta Udalaren laguntzarekin. Sekulako arrakasta izan zuen, 1.200 lagun gerturatu ziren ikustera, eta aurten ere antolatzea erabaki dute. «Gipuzkoan ez zen inoiz horrelako ezer antolatu, Bizkaia eta Araban ere gutxi, eta jendeak ikusmina zuen. Nafarroan eta Burgosen, berriz, asko egiten dira bai erakustaldiak bai txapelketak», dio Beteluk. Datorren urtean, Euskal-Nafar Txapelketaren barruan sartuko dute Astigarragako proba.
Oraingoz, 14k eman dute izena, baina gehiago apuntatuko direla dio Beteluk. Iaz 20k hartu zuten parte.
Kontzertua eta guzti
Erakustaldia arratsaldeko 16:00etan hasiko da, baina eguerdiko 12:00etan, kotxeak ikusi eta argazkiak ateratzeko aukera egongo da. 17:00etan, berriz, The Zepo rock talde hernaniarrak joko du. Sarrera euro 1 ordaindu beharko da, momentuan.
Erakustaldian, bost gune desberdin egongo dira eta gune bakoitzean epaile bat egongo da. Proba hauetan, gunea inguratzen duten zintak ezin dira ikutu, ezta estakak ere. Atzerako martxa bigarren aldiz ibiliz gero, puntu gutxiago izaten dira. Eta proba bakoitzean, bost minutu pasa litezke, gehienez. Ezin bada kotxea atera, makinistari eskatu behar izaten zaio ateratzeko.
Erakustaldian, bost proba desberdin egongo dira. The Zeporen kontzertua ere izango da.
Kotxeak askotan puskatu
Betelu konpetitzen ere ibiltzen da eta kotxeak asko izorratzen direla dio: «Nik orain, hiru intento egiten ditut. Hirugarrenean ezin badut atera, makinistari esaten diot kotxea ateratzeko». Lau urte daramazki konpetitzen. Arbizun hartu zuen parte aurreneko aldiz, 28 urte dituen Suzuki Santanarekin. Oso urduri zegoela gogoratzen du. «Hasieran normala da, baina ondo hasi nintzen. Hirugarren zuloan, ordea, bolkatu egin nuen. Arbizukoa nahiko proba gogorra da», dio. Hala ere, normalean ez dela arriskurik izaten nabarmendu du: «Kasko eta arnesarekin joaten gara barruan, pilotoa eta kopilotoa. Eta ez gara abiadura haundian ibiltzen; gehienez ere, 30 km/h». Kopilotoa askotan kanpotik aritzen da laguntzen, soka baten bidez, kotxea ez bolkatzeko. Kopilotoaren lana oso garrantzitsua dela dio Beteluk. Gaur egun, Suzuki Vitara batekin konpetitzen du.
Isuerren (Zaragoza), exibizioa izango da gaur eta bertan parte hartuko du. Txapelketan ere ari da eta helburua argi du: «Besterik gabe, parte hartu eta adrenalinari egurra eman».
Astigarragan, zaletasuna
Beteluz gain, Astigarragan badira 4x4 zaletu gehiago: Astigarragan sagardotegia duen Iñaki Larrarte zaldibiarra, Javi Verde (Beteluren kopilotoa) eta Javi Lajas hasi berria. Elkarte bat sortzekotan dira.