Absoluto mailan lehiatzen, aurreneko urtea du Alex Ugaldek eta aldea asko nabaritzen dela dio. Dena dela, nagusien artean ere oso ondo moldatzen dela erakutsi du 18 urteko gazte epelearrak. Espainiako Txapelketan hartu zuen parte aurreko astean, Asturiasen, eta oso emaitza onak lortu ditu. Zehazki, bi txapelketa batera jokatu ziren: Espainiako goi mailako txapelketa eta Espainiako txapelketa. Ugaldek goi mailan lehiatzeko postua zuen, iaz mundialean parte hartu baitzuen, eta asteburuan lortutako emaitzarekin, mailari eustea lortu du. 28 arrantzale lehiatu ziren eta 17garren geratu zen. 21 izan dira mailari eutsi diotenak. Espainiako txapelketan, berriz, 120 arrantzale lehiatu ziren eta 28garren geratu zen Ugalde. Bihar, Euskadiko goi mailako txapelketan ariko da, bertan postu bat lortzeko asmoz; hau da, igoera lortzeko asmoz. Zaila izango dela uste du, baina esperantzarekin dago. Araxes ibaian izango da, goiz eta arratsalde.
Mundialean aritua
Euli arrantza modalitatean aritzen da Ugalde. Gazteen mailan aritu da orain arte eta sekulako emaitzak lortu izan ditu. Orain dela bi urte, adibidez, Gipuzkoako eta Espainiako goi mailako txapeldun izan zen, Euskadiko hirugarrena, mundialean 18garren geratu zen Frantzian... Eta iaz ere mundialean izan zen, Irlandan. Modalitate eta maila horretan, aurreneko euskalduna izan da halako emaitzak lortzen. Orain, absoluto mailan hasi berri, helburu du, «esperientzia hartu, gehiago ikasi, eta Espainiako goi mailan mantentzea». Aurrerago, etorriko omen dira etorri beharrekoak. «Oraingoz, Espainiako goi mailan mantendu nahiko nuke. Izan ere, ez baduzu lortzen mantentzea, mailaz jaisten zara, beheraino. Gipuzkoakotik hasi beharko nuke».
Entrenatu, asteburutan
Ugalde, Eskoriatzan ari da ikasten eta ez du entrenatzeko aukerarik astean zehar. Dena dela, asteburutan saiatzen da tartea hartzen. Etxe ondoko errekan aritzen omen da, eta baita Araxes, Leitzaran eta Oiartzunen ere, besteak beste.
Aitarekin hasia
Txantxangorri elkarteko kidea da Ugalde eta txikitatik datorkio arrantzarako afizioa. «Aitarekin joaten nintzen arrantzara eta hortik datorkit zaletasuna. 9 urterekin, berriz, euli arrantza modalitatean aritzea erabaki nuen. Probatu egin nuen eta gehiago gustatu zitzaidan», dio. Modalitate hau, beti, ibaian izaten da eta normalean amuarrainak arrantzatzen dituzte, baina baita izoki txikiak ere. «Salmonidoak diren arrain guztiek balio dute», dio.
22 cm baino haundiagoak
Modalitate honetan, euliak dira, uretan flotatzen egoten diren intsektuen imitazioak, eta horiekin erakartzen dira arrainak. 200-300 metrotan zehar aritzen dira arrantzan, ibaiaren barruan. Ahalik eta gehien eta ahalik eta haundienak hartzea da kontua. Horren arabera puntuatzen dute.
Arauen arabera, 22 cm baino haundiagoak diren amuarrainak arrantzatu behar dira. Txikiagoak ez dira puntuatzen. Arrantzatutako arrainen neurriak gehitzen doaz eta horren arabera ematen dituzte puntuak. Puntu gehien lortzen dituenak irabazten du.
«Garrantzitsuena da, amuarrain edo izokien joera ezagutzea»
Ze ezaugarri behar ditu arrantzale on batek?
Ugaldek argi du: «Esperientzia. Eta horretarako, asko entrenatu behar da. Erreka desberdinetan aritzen garenez, garrantzitsuena da amuarrain edo izokien joera ezagutzea. Nik nere ondoko erreka ondo ezagutzen dut, baina saiatu behar da ahalik eta erreka gehien ezagutzen eta baita bidaiatzen ere. Horrela jende asko ere ezagutzen duzu eta asko ikasten da».
80 cm-ko izokia
Urte guzti hauetan arrantzatu duen arrainik haundiena ondo gogoan du Ugaldek: «7 urterekin izoki bat harrapatu nuen aitarekin, Urumean. 80 bat cm ingurukoa zen eta markatuta geratu zait». Arrain asko arrantzatu ala haundi bat, zer den hobea galdetuta, halaxe dio: «Haundi bat ateratzen baduzu, asko pozten zara. Baina badira egun batzuk arrantzan oso gustora ari zarena, arrain asko harrapatzen ari zarelako, ondo ari zarelako, eta hori ere ederra izaten da. Egunaren arabera da». yy