Naroa Egurza aranoarraren marrazkia, onena

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 17a, 02:00

Naroa Egurza 8 urteko aranoarrak irabazi du Gurbiondo Etxearen Marrazki Lehiaketa. ‘Zer da ura zuretzat?’ galderari erantzunez egin du marrazkia. Goizuetako eskolatik hartu du parte.

Zer da ura zuretzat? Galdera horri erantzunez, Gurbiondo Etxearen Marrazki Lehiaketan hartu du parte Naroa Egurzak eta lehiaketa irabazi du. Oso pozik dagoela azaldu dio Kronikari 8 urteko aranoarrak. Batez ere, sariarekin. Izan ere, tablet bat irabazi du. Aurretik besteren bat ba ote zuen galdetuta halaxe erantzun du: «Ez, amak ez zidan uzten. Baina orain bai». Diploma bat ere jasoko du.
Saria jasotzeko ia bi astez itxaron beharko du Naroak. Maiatzaren 28an izanen da sari banaketa Iruñan.

«Ura oso ona da guretzat!»
Lehiaketa hau, Uraren Egu­naren harira antolatu du Gurbiondo Etxeak (nekazaritza eta abeltzaintzako interpretazio zentroa) eta helburua zen, txikienek hausnarketa egitea uraren inguruan, hain baliabide mugatua eta beharrezkoa dena.
Egurzak oso ondo irudikatu du zer den ura beretzat. Marrazkian ageri dira erreka, arrainak, loreak, tximeletak, ur tantak... Horretarako kolore urdina eta berdea erabili ditu batez ere, baina baita beste kolore batzuk ere: arroxa, naranja... Eta mezu argi bat ere jarri dio: «Ura oso ona da guretzat!».

Berak bakarrik egina
Naroa Goizuetako Xalto eskolara joaten da eta bertatik hartu dute parte lehiaketan. Berak bakarrik, laguntzarik gabe egin duela marrazkia azaldu du: «Bi ordutan egin nuen marrazkia, etxean», dio. Marraztea ez zaiola bereziki gustatzen azaldu du: «pixka bat bakarrik». Eta erreka ez dela Aranokoa argitu du, berak imajinatutako bat dela.

1.400 neska-mutilen marrazkiak
Lehiaketa honetan, Nafarroa­ko 6-10 urte bitarteko 1.400 neska-mutilek hartu dute parte eta Naroaren marrazkia izan da guztien artetik aukeratu dutena. Bigarren saritua Sofia Bergara izan da, 9 urtekoa, Iruñako Miravalles eskolakoa.
Datozen asteetan, erakusketan egonen dira aurkeztutako marrazkietako batzuk; tartean Naroarena. Gurbiondo Etxean bertan egonen dira ikusgai.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!