«Aukera edukita, Lanbide Heziketa ere euskeraz ikastea gomendatzen dugu»

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 17a, 02:00

Goi mailako elektrizitate ziklo bat egiten ari dira Jon Urre­tabizkaia eta Eneko Elosegi hernaniarrak, eta «ikasketa guztiak euskeraz egin ahal izateko» aldarrikapena egiteko elkartu dira beste ikasle ba­tzuekin: Andoni Urdanpilleta, Beñat Esnaola eta Idoia Iri­barrekin.
Guztiek egin dituzte edo egiten ari dira Lanbide Heziketako zikloak euskeraz, baina ez dute ikasgai guzti-guztiak euskeraz egiteko aukerarik izan. «Asko aurreratu» dela ziurtatzen du­te, baina «oraindik ere asko dagoela egiteko». Hori bai, dagoen aukera egonda ere, «zikloak ere euskeraz ikasteko gomendioa» egiten dute. «Eus­keraz ikasteko aukera bakarra dago. Erderaz tailerrean ikasiko duzu».

«Asko aurreratu da, baina asko dago egiteko»
Kasu askotan, ziklo batean taldea atera ahal izateko ikasle matrikula kopuru minimo bat behar izaten da, eta hortxe sor­tzen da euskeraz ikasi nahi duten batzuentzat, arazoa. «Orain­txe bertan ziklo guztiak euskeraz egin daitezke, baina taldea juxtu-juxtu sortu eta ikasle batzuek euskeraz ez badakite, ikasgai batzuk gaztelaniaz eman behar dira. Orduan, balantza beti betikoen alde erortzen da....».
Hala ere, onartzen dute «materiala euskeraz eskuratzeko aukera izaten dugu, eta irakasleekin tratu pertsonala euskeraz izaten da. Ulertzen ez dena ere euskeraz azaltzen digute gero».

«Hitz teknikoak bihurtzen dira kodigo bat. Euskeraz ari zara, nahiz eta hitz teknikoak erderaz esan».

Zentzu horretan, azken urteetan izandako aldaketa nabarmen ikusi duena Idoia Iribar izan da. «Izugarrizko aldaketa egon da. Nere garaian, dena gaztelaniaz ikasten genuen, eta hasieran beldur pixka bat ematen zidan zikloa euskeraz egiteak, baina animatu nintzen eta oso ondo etorri zait; birziklatzeko balio izan dit».
Zailagoa ikusten dute hizkera teknikoa guztiz euskeratzea. Lehenengo urtean dagoeneko praktikak egiten dituzte, eta hitz teknikoak euskeraz ikasi arren gaztelaniaz gehiago erabiltzen direla ikusi dute. «Praktikotasun haundiagoa dute gaztelaniazko hitzek. Barautsa ikasten dugu, edo burdin urtua, baina broka eta fundizioa erabiltzen ditugu». Urdanpilletak dio «lan mundua formazioz erdalduna dela; langile asko euskaldunak dira baina hitz teknikoak gaztelaniaz erabiltzen dituzte». Hala ere, tratua euskeraz izaten dutela dio Es­naolak: «hitz teknikoak bi­hur­tzen dira kodigo bat. Euskeraz ari zara, nahiz eta hitz teknikoak erderaz esan». Askotan, lantokietan erabiltzen diren makinetako hizkuntza ere gaztelania edo ingelesa izaten dira. Elo­segiren ustez, «makinetara moldatu behar da!».

Helduen artean, gaztelania gehiago
Azken urteetako datuen arabera, ikasketak euskeraz egitea aukeratzen duten ikasle kopurua gora egiten ari da Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eta Batxi­lergoan. Erdi eta Goi Mailako Zikloetan, ordea, joera ez da hain argia, eta gora-behera dezente ikusten da.  
Egungo egoera dela-eta, gero eta jende heldu gehiago sartzen da zikloetan, eta hauek «kezkagatik», ikasketak gaztelaniaz egitea aukeratzen dute normalean. «Jende euskaldunaren artean ere gertatzen da. Ordura arte dena gaztelaniaz ikasi, eta orain berriro ikasten jarri beharrari gehitu behar badiote euskeraz ikastea...». Horixe pentsatu zuen Idoia Iribarrek, baina pozik dago euskeraz egitera animatu delako. «Oso ondo etorri zait».
Bestalde, tarteka gertatzen da ordura arte euskeraz ikasitako batzuek zikloak gaztelaniaz egitea ere. Baina ez da ohikoa izaten. Urdanpilletaren ustez, «orain arte euskeraz ikasi duenak hobeto ulertuko ditu gauzak  zikloa ere euskeraz ikasita».  

«Normalean ez da arazorik izaten irakasleekin tratua euskeraz izateko».

Ikasle hauek, behintzat, argi dute zikloa ere euskeraz egitea positiboa dela. Gero, tailerretan edo lantokian hizkera erdalduna erabiltzea tokatu bazaie ere, normalean tratua euskeraz izan dutela diote. Eta pixkanaka, jendea ikasketak euskeraz egitera animatzen bada, etorkizunean lan munduan ere dena edo ia dena euskeraz egin ahal izango dela pentsatzen dute.  

Euskeraz ikastea, «plus bat»
Arlo batzuetan, hizkera teknikoari dagokionean, adibidez, guztia euskeratzea zail xamar ikusten dutela esan arren, «Lanbide Heziketa ere euskeraz ikasteko gomendioa» luzatzen dute. Esnaolak argi eta garbi baztertzen du, gainera, jendeak erabiltzen duen «aitzakia» bat. «Tai­le­rrean galduta ibili nahi ez du­telako gaztelaniaz ikasiko dutela esaten dute batzuek. Baina tailerrean zerotik hasi behar izaten da. Beraz, lasai, ikasiko duzu!  Euskeraz ikasteak, erosotasunaz gain, plus bat ematen du: hizkuntza bat gehiago dakizu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!