Martxan da Atez Ateko bulegoaren azken iniziatiba. Badira hilabete batzuk herriko zenbait auzoetan konposta egiteko guneak jarri zituztela. Gune horietan bildutako konposta herritarren artean banatzeko pausua eman dute orain. 20 kilo inguruko zakuak prestatzen dituzte, konposta ongarri gisa erabiltzeko prest. Florida auzoan Udalak duen herri lanetarako pabiloian banatzen dute, eta beharra duten herritarrek bertatik pasa besterik ez dute.
Etxean sortutako organikotik konpost ongarrira
Xabat Larrarte da auzo konpostaren ardura duen langileetako bat. Auzotarrek inguruan duten konpost komunitariora botatzen dute etxean sortutako organikoa, eta horri mantenua eman behar zaio: «sei hilabete inguru behar izaten da konposta egiteko eta horrek jarraipen bat eskatzen du. Hala ere, esperientziak erakutsi digu, kasu gehienetan, konposta azkarrago heltzen dela».
«Sei hilabete inguru behar ditu organikoak konposta bihurtzeko; hala ere, prozesua azkarragoa ari da izaten»
Auzoetako konpostaguneetatik atera, eta triturazio prozesutik pasatzea izaten da hurrengo pausua: «hau da ongarri gisa erabili ahal izateko azken prozesua. Jasotako konposta ondo trituratu eta banaketa zakuetan sartzen dugu; kabitzen den guztia, 20 kiloren bueltako zakuak izaten dira, gutxi gorabehera».
«Jendearen erantzuna ona ari da izaten»
Aurreneko zaku saila 50 ingurukoa izan zela dio Larrartek, eta berehala bukatu zela: «herritarrek ondo hartu dute iniziatiba. Bigarren saila osatu dugu, eta Floridako egoitzan dute eskuragarri. Larrartek gogoratu nahi du, sail eta sail artean, gerta daitekeela zakurik ez egotea; izan ere, konpostak bere denbora behar izaten du».
Zertarako erabali?
Konposta ongarri gisa erabiltzeko modu bat baino gehiago dago: «baratza kalean edo etxean duten herritarrek hartu izan dute; loreak balkoian jarri dituztenek...».