Urumea errioan sartuta ibiliko dira gaur, Olinpiadetako ginkanan

Kronika - Erredakzioa 2014ko maiatzaren 17a

Hainbat proben artean, Uru­mea ibaian sartuta ibiliko dira gaur goizean, Olinpiadetako ginkanan. Astero bezala, 22 talde daude deituta Landarera, eta 11:30etatik aurrera hasiko dira probak. Sei proba egingo dituzte goizean, eta bertan bazkalduko dute. Arratsaldean, jolas pupurria.

Sei proba, eta 220 partehartzaile
220 kidek parte hartuko dute gaurko ginkanan. 22 talde eta talde bakoitzeko 10 kide izango dira eta sei proba aurrean, gehienak taldeen artean elkar­lanean egitekoak. Piña jokoan lau taldetako launa kidek elkar hartu beharko dute, 16 lagunek hain justu, eta karrera egin beste 16ko taldeen kontra, hankak lotuta dituztela.
Balde(de)rrama jokoan bi taldetako hiruna kidek zulatu­tako baldeak karraiatu beharko dituzte, zuloak ahal duten on­doen tapatuz. Lasterketan, bi taldetako jokalari bana elkartu eta korrika errio bazterreraino joango dira. Hurrengo probak banakakoak dira: Surfingo Urumea proba, paipoarekin errioan barrena zintzarri bat zeinek azkarrago jo. Musean ariko dira 30 tantoko ustel bat osatu arte. Azkenik, Mozkor Txutea, makil baten inguruan 10 buelta eman, eta errugbiko baloia makiletan sartu.

Jarraitu, gaur eta bihar
Bazkaria dute ondorenean, eta gero jolasak. Bihar, Humor Amarillo telebista saioko probak dituzte, Apeaderoko eskaileretan.

SAILKAPENA
1- Salda parranda ta gero
2- Brugalkaba
3- 4 Katu Karakolinpikoak
4- Kon-fusioa
5- Pelotoia
6- Los Zetas Zero Zabor
(...)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!