Ibai-ondo etxea berezia da. Ikusi besterik ez dago, pareta eta balkoiei, zahar itxurako etxe modernoa da, arkitekto haundi batek eskultore haundi batentzat egina. Pablo Zabalo arkitektoa eta Karlos Elgezua eskultorea biltzen ditu Ibai-ondoren historiak.
Ondo bukatu den historia da, gainera, Ibai-ondo luzerako izango baita Astigarragan. Luis Pey eta Lucia Ibarbia egungo jabeek lortu dute berriz ere ordenazioaren barruan azaltzea. Hainbat urtez ordenaziotik kanpo egon ostean, monumentu izendatzea lortu, eta berriz ere arau subsidiarioetan ageri da orain. Urumea-Berri urbanizazioak etxe hau eta bere terreno txikia barruan izango ditu, juxtu Kultur Etxearen aurrean.
Goiko pisuak ‘zintzilik’
Karlos Elgezua eskultore eibartarrak etxea eta tailerra behar zituen, eta garbi zeukan, etxeak espazio haundiak behar zituela. Hala eskatu zion Pablo Zabalo arkitekto donostiarrari, eta hark erremedio polita bilatu zion. Argitasun haundiko etxea da, eta pisu nagusian eta goikoan, ez dago zutabe bakar bat ere. Pareta zabalek eusten diote etxeari eta zertxekin egina dago. Beheko solairuan bai, lau zutabe ditu. Harrizko lau pareta zabal dauzka, eta teilatua hormigoizkoa. Esan liteke, nolabait, zintzilik daudela goiko pisuak.
Neovasco estiloa, edo euskal estilo berrikoa
1953koa da proiektua, eta 1956tik 1961era egin zuten etxea. Edifizio modernoa izanagatik, lehengo baserri zaharretan oinarrituta egin zuen Zabalok. Neovasco estiloko etxea da, euskal estilo berrikoa. Pablo Zabalo arkitektoa etxea bukatu zen urtean bertan hil zen, 1961ean, 70 urterekin. Arkitekto oso garrantzitsua izan zen bere garaiko abangoardian ibilia, eta Donostia zabaltzeko lanetan parte hartu zuena. Besteak beste, berea da Arte Ederretako eraikina. Julio Beobideren Zumaiako etxea ere berak egina da, hain zuzen Ibai-ondo etxearen berdina, baina pixka bat txikiagoa.
Etxea oso egoera onean dago, eta orduko tailerra eta ofizina bere horretan daude.
2016an Elgezuaren erakusketa jartzea litzateke Luisen eta Luciaren ilusioa.
Astigarragako Batzokia eta zinea izandakoa
Elgezuak urte batzutan tailer eta etxebizitza bezala erabili zuen Ibai-ondo, baina gero, gaixotu eta Donostiara joan zen, eta lanik egin ezinda geratu zen. Urte horietan, herriari utzi zion etxea, eta Astigarragako Batzoki izan zen, hamar bat urtez. Urte haietan, zinea ere hor botatzen zuten. Beste aretorik ez, eta tailerrean zeukan espazio haundia erabiltzen zuten zine gisan.
Hasieran bezala mantendu da
Luis Pey eta Lucia Ibarbiak 1987an erosi zuten etxea, eta ederki kontu egin diote. Orduko tailerra mantentzen dute, Elgezuaren ofizina bere horretan dago, ateak, leihoak... txukun-txukun dago dena, eta lehen bezala. Zinea izan zeneko pantaila ere mantentzen dute, eta baita Elgezuak berak dedikatu zien liburua ere, bere esku dardartiaz egindako dedikatoria eta guzti: «Pey familiari biotz biotzez». Liburu hark biltzen du Elgezuaren bizitza eta lana.
Etorkizun oparoa
Monumentu izendatu zutenean erakusketa jarri zuten Ibai-ondo etxean, eta Elgezuaren lanak bertan jarri zituzten. Gaur, ziur daude etxeak etorkizun oparoa duela, eta Lucia eta Luis ilusioz daude, Elgezuaren lana erakusten jarraitzeko. 2016ko Kultur Hiriburuaren inguruan berriz ere Elgezuaren erakusketa jarri nahiko lukete, Elgezuarena izan zen etxean bertan, Ibai-ondon.
Monumentua, ‘Neovasco’ estiloko edifizioa
IBAI-ONDO etxearen atarian plaka bat jarria dago, eta garbi aitortzen du Ibai-ondo etxea monumentu bat dela. Etxea Pablo Zabalo arkitektoak egina, 1961ean, eta Neovasco estilokoa, edo Euskal estilo berrikoa. Eusko Jaurlaritzak monumentuen inbentarioan dauka, eta 2012ko uztailean jarri zuten plaka, politika eta kultur munduko ordezkaritza zabal baten aurrean.