“Fagollaga jatetxe parean, txandakako karril bakarra egongo litzateke”

Kronika - Erredakzioa 2014ko mai. 10a, 02:00

Auzo batzarra izango da gaur zortzi, hau da, maiatzaren 17an. Goizeko 11:00etan izango da, kultur etxean. Errepideko segurtasunaren inguruko proiektuak aurkeztuko dituzte, besteak beste.

Ereñotzuko Auzo Udalak, Auzo Batzarra deitu du maia­tzaren 17rako (11:00etan, kultur etxean). Urtero bezala, aurreko urtean egindako lanen errepasoa egingo dute eta, batez ere,  aurtengorako dauden asmo nagusien errepasoa. Eta azaldu dute, batzarrean bereziki aurkeztu eta aztertu nahi di­tuz­tela zenbait proiektu, «urteetan zehar auzotarrek egindako eskariei erantzunez proposatzen diren proiektuak direlako eta auzotarren bizi kalitatean duten garrantziagatik».
Proiektu horien artean nabarmentzekoak dira, auzo-guneetako errepideko segurtasunaren ingurukoak. Hala azal­du dute: «Ereñotzuko auzo-gune gehienak bailara aldenik alde zeharkatzen duen errepidearen ondoan kokatuta daude eta honek segurtasun arazoak sortzen ditu. Zenbait etxeetako atariko irteerek zuze­nean errepidera eramaten dute. Egoera hauei konponbidea emateko, zenbait proiektu garatu nahi dira Auzo Udaletik, errepideen eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundia­rekin batera».

Fagollagan, espaloiak
Arazoa konpontzeko, alde batetik, Fagollaga urbanizatzeko asmotan da Auzo Udala. «Iazko batzarrean, Fagollagako zenbait auzotarrek, urteetan errepikatu izan duten kezka adierazi zuten etxetik oinez atera­tzeko dituzten arriskuen inguruan, espaloirik ez baitute eta ibilgailuak abiadura biziz pasatzen baitira. Hori dela eta, Auzo Udalak galdera egin zion Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bertako arduradunek ingurua aztertu eta trafikoaren neurketa ere egin zuten. Ondoren, beste herri batzuetan egin dituzten esperientzietan oinarrituz, proposamena egin dute eta Auzo-Udala egitasmo hau bultzatzekotan da, arazoa gainditzeko», azaldu du.

Ereñotzun hiru konkor jarriko dira: Bazterolako zubiaren aurrean, autobus geltokiaren parean eta futbol zelai parean.


Hori horrela, adierazi dutenez, espaloiak jarriko lirateke, baina tarterik estuenean, Fagollaga Jatetxearen parean, ibilgailuentzat txandakako karril bakarra egongo litzateke (70 m inguruan). Horretaz gain bi zebrabide izango lirateke, bat zentralaren sarrera parean eta bestea zubi ondoan.

Ereñotzun konkorrak, abiadura moteltzeko
Ereñotzun, ibilgailuen abiadura moteldu beharra ere ikusten du Auzo Udalak. «Ibil­gailuen abiadurak eragindako kezkak bul­tzatuta, galdera egin zitzaion Foru Aldundiari arazo honi buruz, eta egindako proposamena aurrera eramango du Auzo Udalak». Ereñotzun konkorrak jarriko lirateke, hiru puntutan, bi zebrabidea dutenak. Bata Bazterolako zubiaren aurrean, eta bestea autobus geltokiaren parean. Hirugarren konkorra futbol zelai parean jarri nahi da, zebrabiderik gabekoa. «Horrela auzogune honen bi aldeetan eta erdigunean abiadura moteltzea lortuko litzateke», azaldu dute.

Ereñotzu 17-21 bitartea, urbanizatzea
Auzo Udalarentzat aspaldidanik pendiente dagoen beste proiektu bat da, Ereñotzu 17 eta 21 etxeen arteko zonaldeko urbanizazioa. Honekin lotuta, adierazi dute bi lan egin behar direla bertan. «Batetik, ur-zikinen sarearen berritzea, eta bestetik, zonaldearen urbanizazioa. Orain, ia 10 urte, urbanizazio honen proiektua landu zen, baina orduan ezin izan zen gauzatu eta geroztik ere ezin izan zaio heldu proiektu honi. Auzo udalak, aztertu egin du berriz proiektua eta proiektu zaharra egokitu du. Orain proiektu berria aurrera eramateko, finantziazioa landu beharko da».

Bestelako zenbait proiektu
Auzoan zehar dauden beste zenbait beharrei ere erantzun nahi die Auzo Udalak aurtengoan. Hala nola, auzoko zenbait etxeetako  ur horniketarako sarearen arazoak konpon­tzeko diru laguntzak eskaini nahi dira; internet konexioarekin dauden arazoei konponbidea emateko GipuzkoaShare proiektua lantzen ari dira; auzo-gunean (etxe inguruetan) dauden zenbait zuhaitz haundik sortzen duten egoera aztertzen ari dira; besteak beste.

Martxan diren egitasmoei jarraipena
Ohiko egitasmoak eta martxan diren beste zenbait proiekturekin jarraitzeko asmoa du Auzo Udalak, 2014an ere: Gizarte laguntzailearen jarduera, gripearen aurkako txertaketa, Berriketan bilgunea, Txirrita eskolarekin harremana, eskolako garraioa, haur zaintza zerbitzua, udalekuak, Atsolo­rra, San Antonio jaiak, Udaz­ken kulturala, mendi lasterketa, mendi ibilaldiak, Urumea arnastu, Ziraba proiektua...

 

GAI ZERRENDA
1) Diru kontuak:
a. 2013ko balantzea
b. 2014rako aurrekontua
2) Auzo-guneetako errepideko segurtasunaren inguruko
proiektuak

a. Proiektu zehatzak:
I. Fagollagako espaloiak
II. Ereñotzuko konkorrak
b. Aztertzen ari diren proiektuak
3) 2014rako gainerako proiektuen informazioa: Ereñotzu 17-21 bitarteko urbanizazioaren proiektua; GipuzkoaShare; Goikoetxeko
platanondoen egoera; Ur-horniketa sarearen hobekuntzak, …

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!